Idoia Unzurrunzaga argazkilariak lehen argazki-liburua aurkeztuko du Donostiako San Telmo Museoan

Ekainera bitartean, aurkezpenak, tailerrak eta ikastaroak egongo dira arte diziplina honetan murgiltzeko.

San Telmo Museoak liburutegian duen argazki-liburuen bildumaren berri ematen jarraitzen du, argazkilari profesional ezagunen hitzaldi eta tailerren bidez. Aurtengo izenen artean daude Cristobal Hara, 2022ko Argazkilaritza Sari Nazionala, apirilean, eta Valentino Barachini argazkilari italiarra, maiatza amaieran edizio tailer bat gidatuko duena. Idoia Unzurrunzaga donostiarrak (otsailak 15) eta Clemente Bernad iruindarrak (maiatzak 10) ere euren lanak aurkeztuko dituzte, besteak beste.

Maiatzetik aurrera, museoak Gertutik, argazki-liburua izeneko programa jarriko du abian, Nagore Legarreta argazkilariaren eskutik. Programa honen helburua argazki-liburua zer den azaltzea eta  San Telmo Museoak argazki-liburuekin duen harremana ulertzea izango da.

Museoko liburutegian egingo dira tailer hauek, Gabriela Cendoya Bergarecheren argazki-liburuen bilduma bisitatuz eta harengana hurbilduz. Funts horrekin orain arte harremanik izan ez duen jendeak museoko liburutegia ezagutzea da helburua, eta, ondoren, argazki-liburuetan zentratuta, bilduma hori museoan egotearen arrazoiei erreparatzea. Hauxe izango da, hain zuzen, abiapuntua. Lehenengo hitzordua, Estenopeika lantegia, maiatzaren 17an izango da, 12 urtetik aurrerako gazteei zuzenduta.

Donostiako Museoak Cendoyaren argazki-liburuen bilduma kudeatzen du; ia 3.400 ale dira, museoko liburutegian doan kontsultatu daitezkeenak. Argazki-liburuaren unibertsora gerturatzeko helburuarekin, museoak urtean zehar programazio bat antolatzen du argazkilari askok erabiltzen duten genero hau ezagutzera emateko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna