(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Maiatzaren 8an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea

Denera zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko ostegunetan Udaberria Bertsotan fase honetan. Sarrerak eskuragai daude jada bertsosarrerak.eus atarian.

“Aurten txapelketa urtea da Bizkaian, udaberri zein udagoien”, nabarmendu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Izan ere, maiatzaren 8an hasiko da Udabarria Bertsotan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea.

Elkarteak zehaztu duenez, “maiatzeko ostegunetan izango dira saioak, guztira zortzi, saio bikoitzak izango baitira: egun eta ordu berean, bi herritan jokatuko dira saioak”. Bertan, 48 bertsolarik abestuko dute, A eta B multzoetan banatuta. Hala, gutxienez hogei bertsolarik lortuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako pasea, 2023tik zuzenean sailkatutako bertsolarien izen-ematearen arabera”.

Ainhoa Arregik, Ainhoa Markinezek, Arkaitz Zipitriak, Asier Galarzak, Belate Olabarrika, Fernan Otsoa de Zabalegik, Igor Menikak, Illart Gumuziok, Ione Narbaizak, Itziar Basterretxeak, Maddi Ibaibarriagak, Maria Ortegak eta Miriam Juaristik osatzen dute talde antolatzailea eta udazkenetik ari dira saioen prestaketekin lanean. Komunikazio taldeko kideek, gai-jartzaile eta epaileek  ere beharrean dihardute urte hasieratik.

2025ean jokatuko da hurrengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa; irailean hasi eta abenduaren 20an izango da finala, Bilbao Arenan. Aurretik, ordea, Udabarria Bertsotan 2025 sailkapen fasea jokatuko da, maiatzean.

Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna