AEK-k III. Kultur Sorkuntza Beka abiatu du euskal kultura babestu eta sustatzeko asmoz

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 25. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2027ko azarotik aurrera, 25. Korrikak iraun bitartean, hain zuzen. Proposamenak urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira.

AEK-k lan bat saritzen du bi urterik behin, Korrika kulturalaren bidez. “Beka honen xedea euskal kulturaren baitako sormen lanak bultzatzea da, eta, 25. Korrikatik aurrera, Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea”, azaldu du antolakuntzak. “Euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute”.

Beka honen bidez, AEK-k hiru helburu beteko ditu: “euskal kultur sorkuntzan eragile izatea; kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea; eta euskal sortzaileei gune horiek eskaintzea”, adierazi du Lurdes Etxezarreta AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak. Dagoeneko zabalik dago proposamenak jasotzeko epea: urriaren 31ra arte.

Beka eskuratzen duenak 23.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko, eta Korrika kulturaleko 25. edizioaren egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2027ko azarotik aurrera, hain zuzen.

Korrika Kulturala

Ane Elordik, bestalde, Korrika Kulturalaren menua Korrikaren webgunean dagoeneko ikusgai dagoela iragarri du, “edozeinek kontsulta katalogotzat erabili dezake, eta bertan ehundik gora kultur arloko egitasmo bildu ditugu, eta asko badira ere, gehiago ere egon daitezke. Hemendik deia luzatu nahi diegu euskal sortzaileei gurekin kontaktuan jarri eta katalogo horren parte izan daitezen. Bertan topatuko dute harremanetarako helbidea”.

Eskualdeetan, beti bezala, programa propioak antolatuko dira, hauetan autofinantzaketa oinarria da. Horiek indartzeko, aterkiaren ideia proposatu du Elordik, “hau da, inguruan dauden eragile kultural guztiei (publikoak – batez ere – zein pribatuak) Korrikarekin bat egitea bere programazioak egiteko orduan”.

Amaitzeko, hurrengo Korrikako obra nagusia izango den Kaka proiektuko Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak obraren zertzelada batzuk partekatu dituzte bertaratutakoekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna