Audio-liburu honetarako, besteak beste, Ainara Lasa, Josu Landa, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Iraia Etxebeste, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte, Oier Guillan, Leire Lopez Ziluaga, Iratxe Retolaza, Itxaro Borda eta Gorka Urbizu aritu dira poemak errezitatzen.
2024ko maiatzean Gotzon Barandiaran idazleak Galbahea poema-liburua kaleratu zuen Susa argitaletxearen eskutik. Oraingoan, liburuko horretako poemak entzuteko eran grabatu ditu larrabetzuarrak, belaunaldikide eta euskarazko literatura eta musikagintzan bidekide dituenekin elkarrizketa betean.
Audio-liburu honetan, Ainara Lasa, Josu Landa, Juanra Madariaga, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Iraia Etxebeste, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte, Oier Guillan, Andoni Tolosa Morau, Leire Lopez Ziluaga, Mikel Elorza, Iratxe Retolaza, Itxaro Borda eta Gorka Urbizu ere aritu dira poemak errezitatzen. Azkenbururako, berriz, Imanol Ubedak poema bat kantatu du. Horrez gain, Lander Bilbaok hiru ahaire sortu ditu, liburuaren soinu-banda gisa.
Era berean, liburuaren irakurraldia antolatu dute Susak, Apoa poesia irakurle-taldeak eta Azpeitiko udal liburutegiak elkarlanean. Ekainaren 8an izango da hitzordua, arratsaldeko 18:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.
Galbahea poema-liburua
Maitasuna da Galbahea poema liburuaren ardatza. “Liburuan kantagai ditudan guztiak maitasunetik galbahetu ditut. Alegia, maitasunaren hariak lotzen ditu guztiak”, azaldu du Barandiaranek.
Bizkaitarraren ustez, “bizitzea elkarri itxita dauden geletan egotea dela sinetsarazi gura digute eta gero eta itxarongela gehiago eraikitzen ari zaizkigu. Hormarik gabeko etxea bailitzan eraikitzea izan da nire asmoa. Poema bakoitza bere aurrekoaren eta ostekoaren segida gisa, batzuetan ihardesteko, bestetan lekukoa hartzeko”.
Bere belaunaldikoei zuzendu da Barandiaran poema hauekin. Horiekin elkarrizketatu dela dio. “Poema hauetan nire eta beste askoren ahotsak daude hemen. Badira hezur-haragizkoak eta badira, fikziozkoak ere”.