Edizio honetako leloa Ihes izango da eta, azokaz gain, ekitaldi, solasaldi eta liburu-aurkezpen ugari izango dira asteburu osoan zehar. Jarduera guztiak Lege Zaharren enparantzan, Modelo aretoan eta Etxezabalan izango dira.
Beste urte batez, udaberri amaierarekin batera iritsiko da Literaturia, asteburu batez Zarautz euskal letren plaza bihurtzeko asmoz. Aurtengo ediziorako ere ekitaldi ugari antolatu dira herriko gune desberdinetan. Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da berriro ere Literaturiako liburu azoka, eta aurreko edizioan bezala, aurten ere larunbata izango da azoka eguna. Goizez eta arratsaldez, argitaletxeek beraien postuetan euskal literaturako liburuak izango dituzte erakusgarri. Gainera, hamabigarren edizio honetan ere, liburu aurkezpenak azokako karpan bertan egingo dira.
Azoka eta liburu aurkezpenez gain, hainbat tailer eta ekitaldi izango dira asteburuan zehar. Garoa liburu denda omenduko dute hilaren 24an, eta, aurten lehenengoz, gaztetxoentzako literatura tailerra antolatu dute. Antolakuntza aspaldi zegoen gazteekin zerbait egiteko gogoekin eta beraientzako propio idazketa tailerra izango dute. 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dira honetan eta Oier Guillan arituko da gidari lanetan.
Gaztetxoentzako idazketa tailerrean parte hartzeko literaturia.zarautzen@gmail.com helbidera idatzita eman beharko da izena. Emanaldietarako sarrerak, berriz, eskuragarri dira jada Literaturiako webgunean zein Modelo Aretoko leihatilan.
Egitaraua
Maiatzaren 23an
20:00, Modelo aretoan. Ander Lipusek Literaturiarako prestatutako manifestua irakurriko du.
20:15, Modelo aretoan. Heriotzak Eduardo du izena, Formol laborategia.
Maiatzaren 24an
11:30-14:00 eta 17:00-20:00, Lege zaharren enparantzan. Liburu azoka.
11:30-14:00 eta 17:00-20:00, Ahotsenean. Liburu aurkezpenak.
10:30, Etxezabalan. Idazketa tailerra, Oier Guillan.
12:00, Lege zaharren enparantzan. Garoa liburu dendari omenaldia.
12:30, Modelo aretoan. Entzuteko liburuak, podcasten inguruko solasaldia. Ainhoa Etxebeste, Xabier Gantzarain, Xabier Etxeberria eta Garazi Urkola.
18:00, Modelo aretoan. Enplego zoriontsuago bat. Iñigo Astiz eta Eñaut Elorrieta.
22:00, Modelo aretoan. Bertso saio espekulatiboa. Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Leire Vargas.
Maiatzaren 25ean
11:30, Santa Klara komentuko elizan. Ihes egitea zilegi balitz, elkarrizketa. Garbine Ubeda, Arantxa Urretabizkaia eta Olaia Inziarte.
16:45 Modelo aretoa. Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez. Tanttaka teatroa.