Ekitaldi nagusiak Donostian, Iruñean, Getxon, Gasteizen, Bilbon eta Baionan izango dira. Maiatzaren 15etik 25era egingo da hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa.
Euskaraldiaren laugarren edizioa ostegunean, maiatzak 15, abiatuko da. Hamaika egunetan zehar, Euskal Herri osoko milaka lagunek, euren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute.
Antolatzaileen esanetan, “Belarriprest eta ahobiziek, gutxienez aste eta erdian, lehen hitzak euskaraz egiteko ahalegina egingo dute; eta elkarrizketa elebidunak ugarituko dira, han eta hemen. Belarriprestak eroso esango dio parean duenari berarekin euskaraz hitz egiteko, eta ahal duen guztietan berak ere euskaraz egingo du. Txapa jantzita ibiliko gara hamaika egunetan, kalean, lanean eta aisialdian euskaraz erosoago aritzeko”.
Euskaraldia hasi dela ospatzeko, beraz, hamaika ekitaldi antolatu dira Euskal Herriko hainbat txokotan: guztietan irakurriko da testu bateratu bat, eta denek batera jarriko dute Euskaraldiko txapa 19:00etan. Hortik aurrera, dantza, musika eta ikuskizunak izango dira, Iruñean, Donostian, Gasteizen, Getxon, Baionan…
Hiriburuetan eta Getxon izango diren ekitaldiez gain, besteak beste, ondoko herrietan ere egingo dira ekitaldiak:
- Andoain, 19:00etan Zumea plazan
- Irun, 19:00etan Zabaltza Plazan
- Orendain, 18:00etan herriko plazan
- Astigarraga, 18:00etan emakume plazan
- Ordizia, 18:00etan plaza nagusian
- Azpeitia, 19:00etan herriko plazan
- Usurbil, 18:30ean kalejira udaletxetik
- Mendaro, 19:00etan udaletxean
- Lemoiz, arratsaldean Armintzako portuan
- Dima, 19:00etan plazan
- Barakaldo, 18:30ean herriko plazan
- Ortuella, 18:00etan, Otxartaga plazan
- Portugalete, 19:00etan, San Roke plaza-Solar Plaza
Horiez gain, ekitaldiak egongo dira Zizurren, Beskoitze, Larresoro, Hendaia, Donapaleun…
Hiriburuetako egitarauak, Egitarauak.