(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Unax Aizpurua saratarrak jantzi zuen txapela larunbatean, Euskal Herriko Eskolartekoaren finalean

Hamahiru bertsolari aritu ziren Arantzan kantuan eta Nahia Etcheverry izan zen txapeldunordea.

Arantzako frontoian jokatu zen larunbatean 37. Euskal Herriko Eskolartekoa eta hamahiru bertsolari aritu ziren kantuan, lurralde ezberdinetako ordezkari. Zozketak hala erabakita, ondorengo hurrenkeran eseri ziren bertsolariak: Kattin Madariaga Apaolaza, Goizane Etcheverry Lopete, Enara Gallastegi Barrenetxea, Jokin Onaindia Elexpuru, Suhar Gesala Egiguren, Nahia Etcheverry Lopete, Amaiur Aizpuru Eskisabel, Egiar Otegi Torres, Kattalin Lizarraga Mendia, Unax Aizpurua Ibargarai, Leina Alkhat Larrandaburu, Ekhi Zuluaga Intxaurbe eta June Asastegi Unzaga.

Bertsozale elkarteak azaldu duenez, “saioaren lehen atalean, binaka aritu ziren. Lehendabizi, gaia emanda, bina bertso abestu zituzten zortziko handian; eta, jarraian, bina bertso zortziko txikian. Elkarrizketa jostari eta ondo josiak izan zituzten, eta rol anitz gorpuztu zituzten: gelakideak izan ziren, guraso bananduen seme-alabak, aitatxi eta amatxi, herri txiki bateko bi biztanle… Erritmo bizian, arin eta fresko, aritu ziren kantuan”.

Bigarren atala ere antzera joan zela dio Bertsozalek. Oraingoan baina, “lehen sei sailkatuak aritu ziren kantuan, oholtzan guztiak elkarri entzuten eta babesten egon ziren arren: Egiar, Lizarraga, Madariaga, Etcheverry, Gesala eta Aizpurua. Banaka aritu ziren atal honetan. Lehendabizi, lehen puntua emanda, bertso bat osatu behar izan zuten zortziko txikian; gero, gaia emanda, bertso bat osatu zuten, gehienez, bost puntuko neurrian. Isiltzen dutenari, lortutako ametsari, sufrimenduari, zurrumurruari, egunerokoan idatzitakoari eta bizilagunaren oihuari kantatu zieten, besteak beste”.

Bertsolariek beren lanak eginda, epaileen lanaren zain egotea egokitu zitzaien. Epaile lanetan Aitor Jimenez, Ainhoa Sarasua, Beñat Romero, Jon Diaz de Mendibil eta Unai Muniain aritu ziren. Idazkari lanetan, berriz, Ixiar Eizagirre, eta azken honek entregatu zien akta aurkezleei. 2025eko Euskal Herriko Eskolarteko txapeldunaren izena esan zuten: Unax Aizpurua. Saioa Alkaizaren eskutik jaso zuen txapela irabazleak. Txapeldunordea Nahia Etcheverry izan zen.

Bertsotan aritutako guztiek jaso zuten saria: Esti Martinezen Animalia domestikoak liburua, BBT25, NBT25 eta Xilabarako sarrera bana eta Ahots Bat Sormen Egonaldirako partaidetza. Sariak banatzen, Alkaizaz gain, Aroa Arrizubieta, Elixabet Etxandi, Manolo Arozena, Nekane Artola eta Onintza Enbeita aritu ziren.

Zabaldu:

Utzi erantzuna