A mailan Jon Maestre Gelado -narrazioan- eta Aner Elizondo Fanegas -poesian- gailendu dira; B mailan Kattin Madariaga Apaolaza izan da irabazlea narrazioan eta Naroa Asensio Gaston poesian.
Euskaltzaindiak 2024ko Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak banatu ditu bere Bilboko egoitzan. Sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak: A mailan, Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu Lopez Gaseni. B mailan, berriz, Garbiñe Ubeda, Castillo Suarez eta Patxi Zubizarreta.
Epaimahaikideen iritziz, lan helduak eta landuak aurkeztu dira, eta azpimarratu dute saritutako idatzietan gai originalak jorratzen dituztela gazteek, gogoeta sakonak eta interesgarriak proposatuz. Gainera, aitortu dute testu “landuak” eta “erritmo bizikoak” irakurri dituztela
Epaileek iritziz, “lan helduak eta landuak” aurkeztu dira aldi honetan. Gaurkotasunez jositako gaiak jorratu direla ere aipatu dute (feminismoa, maitasuna, heriotza…).
A mailako sariak
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Izarren koadernoa. Egilea: Jon Maestre Gelado (Franciscanas de Montpellier, Trapagaran, Bizkaia).
Epaileen iritzia: “Bere begiez ikusten duen mundutik harago, unibertsoko bazter urrun eta ezkutuak ezagutu nahi dituen neska baten istorioa da. Errealitatea eta fantasia, hemengoa eta urrunekoa, benetakoa eta ezezaguna tarteka dabiltza hara eta hona, bidaiariaren begien aurrean agertu ahala”.
- Bigarren saria: Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua. Egilea: June Salazar Cruz (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Ahaztutako ipuinen hiria. Egilea: Nahia Cid Gonzalez (Mendebaldea BHI Gasteiz, Araba).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Beldurra. Egilea: Aner Elizondo Fanegas (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: “Beldurrari buruzko gogoeta honetan, hainbat galdera egiten dira: zeren beldur izaten gara, zer eragiten digu beldurrak, erreakzioak… Baina beldurra bera, zeren beldur da? Horren gainean galderak sortzen dira. Testu laburra da, baina zer pentsatu ematen duena. Errepikapenen bidez, aurrera doa gaia garantzen eta indarra hartzen”.
- Bigarren saria: Zer naiz?. Egilea: Anari Larburu Tolosa (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
B mailako sariak:
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Inork ez du merezi. Egilea: Kattin Madariaga Apaolaza (Toki Ona BHI, Bera – Nafarroa).
(Epaileen iritzia: “Gaztaroa ilusioen eta ametsen aroa da, gauza berriak sentitzeko eta bizitzeko garaia. Bikote baten hasiera gozoa kontatzen digu narrazio honek, eta nola doan, denboraren poderioz, gaiztotzen eta ankertzen”).
- Bigarren saria: Egilea: Maria Iribar Larrañaga (Zumaia BHI, Zumaia – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Egilea: Ekhi Arizmendi Telletxea (Oiartzo ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Euskarriak. Egilea: Naroa Asensio Gaston (Aita Larramendi ikastola, Andoain – Gipuzkoa).
(Epaileen iritzia: “Bizitzan aurrera egiteko heldulekuak eskaintzen dizkigu poema sorta honek: itsaso hondoari lotzeko aingurak edo etxea sostengatzeko harroinak. Batzuetan galdu egiten ditugu euskarriak eta, hala ere, aurrera egin behar dugu horiek gabe”).
- Bigarren saria: Ordura arte zaindu. Egilea: Libe Martin Aldalur (Haztegi ikastola, Legazpi – Gipuzkoa).
Hirugarren saria: Hasieran ez omen zegoen ezer. Egilea: Naroa Asensio Gaston (Aita Larramendi ikastola, Andoain – Gipuzkoa).