(argazkia: EHU)

Gabriel Arestiren lanaren gaurkotasuna aldarrikatzen duen liburua kaleratu dute

Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 liburuaren helburua idazle bilbotarraren irudia eta obra belaunaldi berriei gerturatzea da, besteak beste.

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933 – 1975) XX. mendeko euskal literaturako figura esanguratsuenetako bat izan zen, idazle eta poeta gisa ez ezik, euskara batuaren aldeko ekintzaile nekaezin gisa ere. Bere lanek justizia soziala, hizkuntza-eskubideak eta euskalduntasuna jorratzen zituzten. Aurten 50 urte beteko dira Aresti zendu zenetik eta urteurrenaren harira, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gabriel Aresti Katedrak omenaldi berezi bat bultzatu du: Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 izeneko libururen argitalpena.

Lanaren asmoa idazlearen mezuek gaur egungo gizartean duten balioa eta gaurkotasuna nabarmentzea da. Liburua euskal komunitatea, euskal kultur sistema eta euskal literatura indartu beharrari buruz hitz egiten du. “Arestik euskal kulturaren eta literaturaren bide zaharrak hobetu zituen eta bide berriak bilatu. Horregatik, hain zuzen ere, ez du gaurkotasunik galdu. Aresti oso ondo lotzen da gaur egun euskal kulturaren baitan ditugun kezkekin”, dio Patxi Juaristi Gabriel Aresti Katedraren zuzendari eta “Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025” liburuaren koordinatzaileak.

EHUko bost ikastegietako ikuspegi, diziplina eta jatorri akademiko anitzak dituzten 35 irakasle eta ikaslek hartu dute parte liburuan: Bilboko Hezkuntza Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Letren Fakultatea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea eta Arte Ederren Fakultatea. “Pertsona desberdinak elkartu gara eta genero literario, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak elkartu nahi izan ditugu liburuan” gehitu du Juaristik.

Gainera, Irudigintza Saileko artisten marrazkiak, ilustrazioak, komikiak… ere jasotzen ditu argitalpenak, Arestik garaiko artistekin izan zuen harreman estua gogoratzeko asmoz. Liburuaren irudiak koordinatu dituen profesionala Susana Jodra izan da, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea: “Irudigintza saileko zenbait lankideei proposamena luzatu nien eta askatasun osoz irakasle-artista bakoitzak bere hizkuntz grafikoa erabiliz bere ekarpena egin zuen. Aresti, bai pertsona bai pertsonaia, edo obra oparoa inspirazio gisa erabili genuen. Nolabaiteko baldintza neurria izan zen, Aresti omentzeko irudiak liburutik at erakusketa batean aurkezteko nahia hasieratik plazaratu genuen eta”.

Liburuan idazlearen idazmakinaz, bere errealismo sozialaz eta iruditeria poetikoaz hitz egiten da, hala nola “harria”, “mailua”, “etxea”, “H letra” edo “Bilbo” bezalako sinboloen bidez. Jodrak liburu barneko irudiek erabiltzen dituzten sinboloei buruz hitz egin digu: “Orokorrean begiratzen badugu, gehien errepikatzen dena harria da, objektu gisa, horma gisa, ehundura gisa, egitura gisa… azken finean, euskararen metafora bisuala da; Jon Kortazar Arestiren obran adituak azpimarratzen duen bezala “Harria euskara da. Ez da bilatu den zerbait izan, berez gertatu da, inork ez baitzekien bestea zer egiten ari zen”.

Aresti ez da iragana

Arestiren obra literario eta poetikoa sakonki aztertzen da, betiere ideia nagusi batekin: “Gabriel Aresti ez da iragana”, bere mezuak eta pentsamendua baliagarriak dira oraindik gaur egungo erronkei aurre egiteko. Hori bera azpimarratu zuen Juaristik Gabriel Aresti Katedraren aurkezpenean, 2023an: “Katedraren nahia ez da soilik iraganeko Arestiren inguruko gogoeta egitea, ez dugu nahi soilik 60ko edo 70eko hamarkadetako Arestiri buruz aritu. Gure helburua da Arestiren mezuek, lanek eta pentsamenduek gaur egun duten balioa, eragina eta oihartzuna aztertzea, eta bere figura unibertsitateko ikasleen artean ezagutaraztea”.

Beatriz Zabalondo eta Elixabete Larrinaga EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleek kapitulu bat idatzi dute liburuan: Gabrieli, bihotz saminez. Hausnarketan, euskararen presentziaz eta euskal hedabideez gogoeta egiten dute, Arestiri zuzenean hitz egiten: “Gaurtik begiratuta, baina gure bizi esperientziatik idatzi nahi genuen. Eta bai Eli eta bai ni oso engaiatuta egon gara euskal hedabideetan. Nolabait esan, hori zen “gure gaia”. Arestiri, modu informalean arlo horretako gure bizipenak “kontatzea” pentsatu genuen”, dio Zabalondok.

Asier Amezaga eta Eduardo Apodaka irakasleek, bestalde, Arestiren idazmakina Adimen Artifizialaren garaian izeneko kapitulua idatzi dute. Honetan, euskalgintza Arestiren idazmakinarekin alderatzen dute irakasleek: “Idazmakinaren irudia egokia iruditzen zitzaigun Arestik euskarari egindako ekarpenak nolabait dagoeneko hizkuntzan modu automatizatu zamarrean integratuta daudela adierazteko” azaldu du Amezagak.

Lan honen beste helburuetako bat da Arestiren irudia eta obra belaunaldi berriei gerturatzea. Horrez gain, liburuak EHUren eta Gabriel Aresti Katedraren xede nagusietako bat ere betetzen du: euskal kulturaren, artearen eta euskararen inguruko ikerketa eta sorkuntza artistikoa sustatzea. “Saiatu gara Arestiren figura hedatzen unibertsitatean, eta horrekin batera euskal kulturaren inguruko transmisioa ere egin dugu. Horiek dira, gure ustez, ekarpenik garrantzitsuenak” azaldu du Juaristik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna