HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa egingo da uztailaren 14tik 18ra, Gasteizen

Egitarauak hitzaldiak, mahai-inguruak, sorkuntza kolektiboko tailerrak, kultura-jarduerak, kontzertuak eta topagune informalak jasotzen ditu.

Uztailaren 14tik 18ra bitartean, HIGAren bosgarren edizioa egingo da Gasteizen, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa. HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteak elkarteak antolatzen du, Gasteizko Udalaren babesarekin eta EHUko Udako Ikastaroen baitan. 2011n egin zen lehen edizioa, helburu argi batekin: gazte hiztunak ahalduntzea, beren hizkuntzen eta kulturen transmisio, defentsa eta biziberritzean lan egiten duten gazteak, alegia.

Aurten ere, topaketak nazioarteko komunitate anitza bilduko du: orotara, 55 hizkuntza ordezkatuta eta 75 parte-hartzaile izango dira. Antolatzaileen esanetan, “HIGA-k mugak apurtzen jarraitzen du: kontinente guztietako gazteek parte hartuko dute lehen aldiz, inoiz baino herri eta estatu gehiagotik. Parte-hartzaileek profil aktibista zein akademikoak dituzte, eta beren komunitateetan hizkuntza-aniztasunaren aldeko konpromiso argia erakusten dute”.

Bosgarren edizio honek berrikuntza pedagogiko esanguratsuak ekarriko dituela nabarmendu dute: “artearen eta hizkuntza-aktibismoaren arteko harremanean sakonduko da, hizkuntzen biziberritzearen aldeko sormen-bideak esploratzeko aukera eskainiz. Gainera, topaketaz harago irauten duten proiektu kolektiboak martxan jartzeko espazioak sortuko dira, eragin iraunkorra bermatzeko. Nazioarteko parte-hartzea ere indartuko da, mundu osoko aktibista, akademiko eta erakundeen presentziarekin. Parte-hartzaile guztiak EHUko udako ikastaro batean ofizialki matrikulatuko dira lehen aldiz eta prestakuntza egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa jasoko dute”.

HIGA 2025eko egitaraua

Egitarauak hitzaldiak, mahai-inguruak, sorkuntza kolektiboko tailerrak, kultura-jarduerak, kontzertuak eta topagune informalak jasotzen ditu. HIGAk hiru hizkuntza ofizial izango ditu (euskara, gaztelania eta ingelesa), eta prestakuntza-saio guztietan itzulpen simultaneoa bermatuko da.

Bost egunez, parte-hartzaileek esperientziak partekatuko dituzte eta hizkuntza minorizatuen dokumentazio, transmisio eta ikusgarritasunean oinarritutako proiektu kolektiboak diseinatuko dituzte.

Informazio gehiago eta egitarau osoa hemen: https://www.higatopaketa.eus

Zabaldu:

Utzi erantzuna