Uxue Alberdi eta Estibaliz Lizaso

2025eko Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria abian da

Abuztuaren 27ra arte egongo da izena emateko epea zabalik.

Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak urtero antolatzen duten itzulpen sarira proposamenak bidaltzeko epea zabalik da. Deialdi honen bidez jatorriz euskaraz idatzi eta 2024an argitaratutako literatura obra baten itzulpen lana sarituko da. Antolatzaileek euskarazko literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea euskararen eremutik kanpo sustatu nahi dituzte, elkarlanean. Abuztuaren 27ra arte egongo da deialdia irekita (oinarriak).

Hala, itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartuko dira erabakia hartzerakoan. Saria 4.000 eurokoa izango da; zenbateko hori argitaletxeak eta itzultzaileak jasoko dute, erdibana. Sariaz gain, 2.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute saridunek sari banaketara bertaratu ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, ekitaldiak, publizitate kanpainak, komunikabidetarako elkarrizketak…).

Etxeparek zehaztu duenez, “mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu ahal izango dira deialdira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2024. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan”.

Iaz, Estibaliz Lizasok euskaratik katalanera itzulitako Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik lanak jaso zuen saria. Bartzelonako Pol·len edicions argitaletxeak plazaratu zuen itzulpena, Revers. Testimonis de dones bertsolaris izenburupean. Estibaliz Lizasoren “zuzeneko” itzulpen lana, erabilitako hizkuntza “guztiz benetakoa”, eta “egilearen helburuari modu eraginkorrean” erantzuten diona, saritu zuen epaimahaiak.

Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izateko zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.

Zabaldu:

Utzi erantzuna