(argazkia: Tabakalera)

Musika Dena eta Ez Dena jaialdia egingo dute uztailaren 18tik 20ra, Tabakaleran

Sarrerak eta abonuak eskuragarri daude jada Tabakaleraren webgunean eta bertako Informazio Puntuan. 

Musika Dena eta Ez Dena jaialdiak soinu esploraziorako leku bihurtuko du aurten ere Donostiako Tabakalera zentroa, eta tokiko zein nazioarteko artistek esperimentazio, performance eta instalazioaren artean dabiltzan musika-proposamenak eskainiko dituzte. Tabakaleraren hamargarren urteurrena ospatzeko jardueren barruan, bigarren edizio honen programazioak eraikineko hainbat gune hartuko ditu eta musikak inguruaren pertzepzioa eraldatzeko duen gaitasuna azpimarratuko du.

Antolatzaileen esanetan, “jaialdiak entzute aktiboari lotutako esperientzia proposatzen du: Ale Hop, Estanis Comella, Loula Yorke, Exotic Sin, Verde Prato + Bronquio, Fernando Carvalho, Garazi Navas eta Ryosuke Kiyasu artisten emanaldiak ezin dira soinu-erakustaldi huts gisa ulertu, arkitekturarekin, gorputzarekin eta denborarekin elkarrizketan diharduten esku-hartze gisa baizik”.

Ale Hop Limakoa da jatorriz, eta geruzaz, gitarra prozesatuz eta landa-grabazioz eraikitako elektronika poetikoa aurkeztuko du.

Estanis Comellak, berriz, performance hibrido bat eskainiko du: gorputza, ahotsa eta irudia marko eskultorikoan gurutzatzen dira bertan.

Loula Yorke britainiarrak xehetasunez eta ambient narratibaz beteriko zuzenekoa eskainiko du sintetizadore modularrekin.

Exotic Sin bikoteak (Naima Karlsson eta Kenichi Iwasa) erritualaren eta galaktikotasunaren arteko paisaia batera eramango du publikoa, eta Verde Prato + Bronquio bikoteak, berriz, Erromantizismoa izeneko lana aurkeztuko du lehen aldiz, Tabakalerako Artisten Guneko egonalditik sortutako lan berria.

Horrez gain, Zine-lab kolektiboak Landaregramak izeneko performance filmikoa egingo du, jaialdiaren edizio honetarako berariaz sortutakoa.

Hilaren 19an, Soinuzko arteak Euskal Herrian: atzera edo aurrera begiradak izeneko topaketa egingo da, Mikel Acosta Hegoa Diskoak-eko arduradunak eta Antton Iturbe kazetari eta musikariak koordinatuta eta moderatuta.

Igandeko programazioaren baitan duela gutxi zendu den Miguel A. Garcia euskal soinu-artearen funtsezko artistari omenaldia egingo zaio. Haren ondarea berak sortutako soinu-unibertsora eginiko bi hurbilketa berezirekin ospatuko da, Garcia ongi ezagutu zuten bi artistaren eskutik: Fernando Carvalho eta Garazi Navas. Biek espazio-formatu berezietan egindako soinuak interpretatu eta ekarriko dituzte jaialdira, hala nola oktofonia bat Tabakalerako Plazan eta interpretazio bat eskailera nagusian, hurrenez hurren.

Jardunaldia amaitzeko, Ryosuke Kiyasu bateria-jotzaile japoniarrak performance bat eskainiko du. Nazioarteko eszenatokietan barrena ibili ondoren iritsiko da jaialdira, eta bateria-proposamen erradikal batekin dator.

Nazioarteko hedapena

Nazioarteko itxiera gisa, jaialdia Londresera lekualdatuko da Cafe Oto ospetsuan jardunaldi bat eskaintzeko. 2025eko abuztuaren 6an, asteazkena, izango da. Jardunaldia Hegoa Diskoak, Tabakalera eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlanaren parte da. Jaialdiaren espiritu esperimentala islatzen duten hiru esku-hartze izango dira Londreseko saioan: Xabier Erkiziak Memorias de Montevideo eta Jorge Oteiza eskultorearen artxiboko grabazioak aurkeztuko ditu, soinuaren esplorazioa oroipen historiko eta espazial gisa. Ibon RGk, euskal eszena esperimentaleko izen nagusiak, a capella kantuari helduko dio inprobisazio instrumentalekin uztartuz ikuspuntu arriskatu eta biszeral batetik. Verde Pratok (Ana Arsuaga) proiektu hibridoa eramango du, elektronika, folka eta arte bisualak elkartuta.

Sarrerak eta abonuak

Dagoeneko eskuragarri daude Tabakaleraren webgunean eta bertako Informazio Puntuan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna