(argazkia: BFA)

Asier Bastida argazkilariak bost kontinenteetako folklorearen “aurpegiak eta arimak” bildu ditu liburu batean

The Folk faces liburuak Bastidak 15 urtez dokumentazio grafikoa osatzeko egindako lan itzela; bost kontinenteetako 800 pertsona baino gehiago jaso ditu argazki horietan.

Asier Bastida argazkilariak azken 15 urteetan Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdian egindako lanaren lagin bat bildu du The Folk Faces argitalpenean: herriaren tradizioetan, folklorean txertatuta dagoen arima, herri-nortasunaren gaineko harrotasuna erakusten duten begiradak dira.

Argitalpenak azken urteetan Portugaleteko Folklore Jaialdian parte hartu duten 36 herrialdetako artisten 65 erretratu biltzen ditu; 55 banakakoak dira, eta 10 taldekoak.

Bastidak azaldu duenez, folklorearen bidez belaunaldi askotako tradizioa eta kultura harrotasunez erakusten duten herriak izan ditu inspirazio-iturri. Jantzi tradizionalak jarrita agertzen diren pertsonen erretratuen bidez, Bastidak pertsona bakoitzaren esentzia, arima eta sustraien eta tradizioen gaineko harrotasuna jaso ditu.

Egitasmoa 2010ean jaio zen, Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren itzalpean, eta belaunaldiz belaunaldi, herritarren nortasuna egituratzen duen tresnatzat jota, folklorea zaintzeko eta transmititzeko ahalegin anonimoa egiten dutenak aintzatesten ditu. Horrez gainera, egileak adierazi du The Folk Faces liburuaren xedea dela protagonista ezezagun horiei aurpegia jartzea, beren bizitzan zehar beren jatorrien, sustraien eta historiaren ondarea mantentzea erabakitzen duten pertsona horiek anonimotasunetik ateratzea.

Ibilbide horren ondoren, Bastidak “zirkulua ixtea” eta lan hau Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera argitaratzea erabaki du, jaialdiaren 50. urteurrena ospatzeko eta amaiera bikaina emateko dokumentazio grafikoa biltzeko lan luzeari; bost kontinenteetatik etorritako 45 herrialdetako 800 pertsona baino gehiago erretratatu ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak 300 ale atera ditu lehen tirada honetan, Aldundiaren erakusketa-aretoetan eta liburutegietan banatzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna