(argazkia: Debako Udala)

Gaur abiatuko da Animadeba jaialdia Deban

Egitarauak film laburren nazioarteko lehiaketa, film luzeen proiekzioak, EHUko Zuzendari Berrien saila eta Animadeba Lab laborategi profesionala jasotzen ditu, besteak beste.

Gaurtik larunbatera bitartean,  Deba animazio zinemaren agertoki bilakatuko da Animadeba jaialdiaren 18. edizioarekin. Bertan, animazio-zinemaren inguruko proiekzioak, tailerrak, bideo-jokoak eta kontzertuak izango dira. Hala, profesionalak, ikasleak eta publiko orokorra bilduko ditu jaialdiak eta egitarauak nazioarteko film laburren lehiaketa, jarduera industrialak eta urteurreneko festa handi bat jasotzen ditu.

Antolatzaileen esanetan, “duela ia bi hamarkadatik hona, jaialdia animazio-zinemaren erreferente nagusia bilakatu da Euskal Herrian”.

Artea, hezkuntza eta industria uztartzen dituen programazio anitzaren inguruan egituratzen da jaialdia. Egitarauaren baitan jasotzen dira film laburren nazioarteko lehiaketa, publiko guztiarentzako film luzeak, EHUko Zuzendari Berrien saila eta Animadeba Lab laborategi profesionala, garapen proiektuei, bideo-jokoei eta sektoreko adituekin egindako mahai-inguruei eskainia.

Bestetik, aurten, Michaël Dudok de Wit zinemagile ezagunari egingo diote omenaldia. Zuzendariak masterclass esklusiboa eskainiko du eta La tortuga roja filma aurkeztuko du. Bestalde, EITB Saria Bego Vicario zuzendari bilbotarrari emango diote, eta ostiraleko ekitaldia Sara Azurza musikariaren kontzertuarekin amaituko da.

Azkenik, EZEZEZ, Putas Amak eta DJ Feten taldeen zuzenekoak, tailerrak, bingo tematikoak eta urteurren festa izango dira irailaren 6an, larunbata.

Primeran eta Filmin plataformekin lankidetzan, edukiaren zati bat online jarraitu ahal izango da.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna