(argazkia: Kultur Sharea)

Nerea Ibarzabal Salegik Residencia Literaria 1863n egingo du literatura-sorkuntza egonaldia

A Coruñako sorkuntza-egonaldi honetan Gora igo izeneko proiektua abiatuko du bizkaitarrak, 2025eko azaroan zehar. Hasiera batean ipuin luzeen bilduma izango dela jakinarazi du Etxepare Euskal Institutuak.

Etxepare Euskal Institutuak Residencia Literaria 1863rekin batera antolatutako literatura-sorkuntza egonaldia Nerea Ibarzabal Salegik egingo du 2025eko azaroan zehar Coruñan.

Etxepare Institutuak azaldu duenez, “Ibarzabalek Residencia Literaria 1863n egingo duen hilabeteko egonaldian aukera izango du bere sorkuntza proiektua garatzeko. Egonaldiaren helburua euskarazko literatura-sorkuntza sustatzea eta bultzatzea da, euskal idazleei espazio, denbora, giro eta baldintza ezin hobeak eskaintzea, beren sormenezko idazketa-proiektuari arreta osoz heltzeko testuinguru egoki batean”.

Kazetari, idazle eta bertsolaria

Ibarzabal ikasketaz kazetaria da, eta jardunez bertsolaria eta idazlea. Gidoilari eta prentsako kolaboratzaile lanetan ere aritu da, banaka zein Txakur Gorria sormen-kolektiboaren baitan. 2022an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Bar Gloria (Susa argitaletxea) izenburupean; eta urte berekoa da Jakelinen egunerokoa ere, haur eta gazte literaturan (Ikas Elkar).

Markinarra Bizkaiko bertsolari txapelduna da gaur egun, eta 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista izan zen. A Coruñako sorkuntza-egonaldian Gora igo izeneko proiektuari ekingo dio, eta hasiera batean ipuin luzeen bilduma izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna