‘Harri eta Herri’ poema liburuaren jatorrizko mekanografiatua Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai izango da urtarrilera arte

Dokumentua Zarauzko Itxaropena argitaletxearen artxiboetan egon ostean, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan gordetzen da.

Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela, eta efemeridearen aitzakian hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskaltzaindiak. Euskararen Akademiak egitarau zabala prestatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Gabriel Aresti Katedrarekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean.

Kontzertu, jardunaldi eta liburu-aurkezpenak egin dira orain arte eta abendura bitarte beste horrenbeste egiteko asmoa du Euskararen Akademiak. Baina bestelako bitxikeriak ere jaso dira egitarauan, eta, honela, urtarrilaren 18ra arte Harri eta Herri poema liburuaren jatorrizko mekanografiatua ikusgai izango da Bilboko Arte Ederren Museoan. Horrekin batera, Harri eta Herri-ren lehen edizioaren ale bat erakusten da, hain zuzen, Itxaropena argitaletxeak argitaratu zuena, 1964an. Dokumentu mekanografiatua zein liburua bera Zarauzko Itxaropena argitaletxearen artxiboetan zeuden, eta orain Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan gordetzen da.

Miguel Zugaza Arte Ederren Museoaren zuzendariaren esanetan, “70eko eraikina inauguratu berri dugu, izan zuen molde originalari begiratuz, Estatu espainiar osoan arte garaikidearentzat egindako lehen eraikina izan baitzen. Eta Ataria erakusketarekin egin dugu estreinaldia, hain zuzen, 60ko hamarkadaren amaieratik gaur arte proiektu espezifikoen bidez ekoitzitako arteari buruzko erakusketa batekin. Beraz, guretzat zorte handia izan da Euskaltzaindiak utzi dizkigun originalak izatea, bai Harri eta Herri-renak, bai Souvenir poemarenak. Izan ere Harri eta Herri-n agertzen den Souvenir olerkiak Frantziako turista batzuek Bilbora egiten duten bisitaldia irudikatzen du, eta honela, artea gorde eta erakusteaz gain, hiriaren orduko errealitate soziala begiratzeko leiho bihurtzen da Museoa; Deustuko txabolismoa ere salatzen du pieza berean”. Zugazari poema batekin arte plastikoen erakusketa bat hastea “oso abiapuntu berezia” dela iruditzen zaio.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenez, “Maldan behera kenduta, Harri eta Herri izan zen Arestiren lehen obra garrantzitsua. Dokumentu berezi hau erakutsiz, Bilborekin idazleak izan zuen lotura estua azpimarratu nahi izan dugu, eta, bide batez, haren lana gaur egunera ekarri nahi izan dugu, izugarria baita Arestik euskal kulturari eman zion hauspoa, utzi zion legatua”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna