Jatorrizko Ikimilikiliklik-en oinarritutako sorkuntza berria aurkeztu du Loraldiak. “Ez da omenaldi bat, berpizte bat baizik. Jatorrizko lanaren espiritu berritzailea bereganatu eta gaur egungo lengoaia eszenikora ekartzen du”.
Loraldia elkarteak Ikimilikiliklik Vol.2 ekoizpen propioa aurkeztu du, duela 50 urte Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak sortutako Ikimilikiliklik mugarriarekin elkarrizketa zuzena proposatzen duen ikuskizuna.
Edurne Azkarate zuzendari artistikoaren gidaritzapean, gaur egungo sortzaile talde indartsu batek jatorrizko lanaren espiritu esperimentalean murgildu da funtsezko galdera bati erantzuteko: zer da gaur egun abangoardia izatea? Emaitza musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen ikuskizun apurtzailea da.
Nostalgiatik aldenduz, Ikimilikiliklik Vol.2 erantzukizun artistikoko ekintza gisa planteatzen da. 2025eko ikuskizunak bi garaiak lotzen dituen zilbor-hesteari heldu eta tenk egiten dio. “Sorkuntza berri honek garai hartako ‘dena egiteke dago’-ren eta oraingo ‘dena egina dago’-ren arteko tentsioa aztertzen du”, adierazi du lantaldeak.
Testu berrien, Laboaren musika berrikusiaren, Artzeren poesiaren eta zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren bidez, lantalde artistikoak jatorrizkoek izan zuten baimen bera ematen dio bere buruari: erabat garaikideak eta arriskutsuak izatekoa. Izan ere, proiektu honen abiapuntua galdera argi bat da: “zer zor diogu jatorrizko lanari? Eta erantzuna argia izan da: haiek bezain ausartak eta garaikideak izatea. Ikuskizun hau ez dator imitatzera, erantzutera baizik”.
Lantalde artistikoa
Erronka hori aurrera eramateko, Loraldiak gaur egungo euskal eszenaren onena ordezkatzen duen aparteko lantaldea bildu du. “Edurne Azkarateren zuzendaritza eszenikoak ikuspegi fresko eta kontzeptuala dakar. Iñaki Salvador musikariaren interpretazioak eta presentziak, Mikel Laboaren kolaboratzaile historikoa izanik, bi munduen arteko zubilana egiten du. Harekin batera, Oreka Tx taldearen (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro) maisutasun erritmiko eta esperimentalak proiektuari lurra eta abangoardia ematen dizkio. Libe Kortazar abeslariak bere ahots hunkigarria eta kantuen interpretaziorako talentu berezia eskainiko dizkio ikuskizunari. Intza Alkain belaunaldi berriko erreferentziazko aktoreak bere eszena-indarra eta sentsibilitate dramaturgikoa gehituko ditu. Eta Itziar Garaluce artista bisualak zuzeneko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren ardura izango du, bere teknika misto eta esperimentalarekin esperientzia sentsoriala osatuz. Azkenik, giroa eta atmosfera borobiltzeko, Vanesa Santosen argi diseinu landuak eta Mikel F. Krutzagaren soinu-espazioak funtsezko papera jokatuko dute”, azaldu du elkarteak.
Ikimilikiliklik Vol.2 ez da ikuskizun bat soilik, asmoen adierazpen bat da. “Kulturak bizirik dirauela eta bere etorkizuna eraikitzeko iraganari galderak egin behar dizkiola frogatzen du. Loraldian izpiritua berreskuratzen dugu, ez museo-pieza bat, euskarazko sorkuntza abangoardia dela eta izaten jarraituko duela erakusteko”.
Estreinaldia eta emanaldiak
Ekoizpenaren aurre estreinaldia Urnietako Sarobe gunean izango da azaroaren 12an, eta etreinaldi handia, berriz, azaroaren 14an, Iruñeko Baluarten, Iruñaldiaren programazioaren baitan.
Euskal Herrian zehar bira egiteko asmoz sortu dute obra eta datak zehazten ari dira. Atzerrian eskaintzeko aukerak ere bilatzen dabiltza. Oraingoz, badago beste data bat baieztatuta: martxoaren 12an, Bilboko Arriaga Antzokian.