Proposamen honen helburua irakurzaletasuna sustatzea da, eta, aldi berean, haur eta gazte literaturan lan egin duten euskal idazleen ekarpena aitortzea.
Bilboko Metroko geltokietatik Donostiako Okendoko areto berrira garraiatutako Bazen behin bildumak formatu handiko piezak bildu eta, bide batez, liburuak bisitarien eskuetan jarriko ditu azaroaren 17tik abenduaren 31ra bitartean. Erakusketan, euskal idazle ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, estilo eta adin desberdinetarako egokiak. Pieza hauek irudimenari bide ematen dioten jatorrizko eta irudi koloretsuen artean kokatzen dira, irakurleak erakartzeko helburuz.
Denera 2,30 x 1,30 metroko 20 panel instalatuko dira. Proposamen honen helburua irakurzaletasuna sustatzea da, eta, aldi berean, haur eta gazte literaturan lan egin duten euskal idazleen ekarpena aitortzea. Horrez gain, kultura eguneroko bizitzan modu irisgarri eta dinamikoan txertatzeko modua erakutsiko du, metroko geltokiak horretarako gune aproposak izan daitezkeela ere garbi geratu da.
Denonartean, Pamiela, Elkar, Kalandraka, Ikaselkar hezkuntza-argitaletxea eta Ibaizabal bezalako argitaletxeekin elkarlanean sortutako bilduma da, testuak Antonio Rubio, Xabier Olaso, Amaia Egidazu, Nerea Ibarzabal, Anastasia Atutxa, Josu Goiko, Alaine Agirre, Usue Egia, Miren Agur Meabe, Garazi Albizua, Txabi Arnal, Paddy Rekalde, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria, Miren Amuriza, Iñigo Astiz, Irati Bediaga, Gaizka Arostegi eta Maribel Aiertza idazleen liburuetatik atera dira eta irudiak Oscar Villan, Amaia Egidazu, Higinia Garay, Ima Mendiola, Juan Roller, Irrimarra, Usue Egia, Maite Gurrutxaga, Garazi Albizua, Belatz, Alex Orbe, Enrique Morente, Julen Tokero, Mikel Valverde, Iban Izagirre, Aitziber Alonso eta Eider Eibar ilustratzaileek egin dituzte.
Mural efimeroa
Aitziber Alonso Pikabea (Donostia, 1971) euskal ilustratzailea da eta batez ere haur eta gazte literaturako liburuak ilustratu ditu. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta marrazkigintzan espezializatu zen. Gainera, argazkilaritza, infografia eta multimedia bezalako arloetan ere lan egin du.
Aretoaren sarreran, eskuz egindako mural bat ikusgai egongo da, Alonsok propio sortutakoa. Berak ilustratutako piezetako bat dago bilduma honetan.
Panel bakoitza liburuarekin batera aurkeztuko da, eta testuaren zein ilustrazioaren pasarte txiki bat erakutsiko du. Era berean, QR kode batek Donostia Kulturako edozein liburutegitan alearen mailegua errazteko aukera emango du, bisitariak liburua bere etxean irakurtzeko aukera izan dezan.