Euskara gara lelopean, euskararen herria zeharkatuko du 24. Korrikak martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora. Omendua, bestalde, Errigora izango da.
AEKk Korrikaren 24. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin du gaur, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Oraingo honetan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Atharratzen abiatuko da, martxoaren 19an; gero, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai-egitarauaz gozatzeko parada izango da.
AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristainek, lehenik, azpimarratu du 24. edizioak erakusten duela euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza… Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.
Lurdes Etxezarreta Artabe ere AEKren Nazio Kontseiluko kide da eta euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia nabarmendu du aurkezpenean: “Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea”. Bestalde, “helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi; orain da unea”, adierazi du. “Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda”, gaineratu du. Erakundeei zuzendu ere zaie Etxezarreta: “euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra” aipatuz.
Euskara gara
Korrikaren mezua azaltzeko, Korrikako arduradun Ane Elordik hartu du hitza, “Euskara gara leloak jendartea du helburu. Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”.
Elordik euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorriak. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza…”.
Errigorari gorazarrea
24. Korrikak Errigora omendu nahi du; “Korrikak aitortza egin gura dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko”. Elordik adierazi duenez, “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”.
Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztien aldera, baita Gasteizko euskalgintzatik bertaratu diren kide eta euskaltzaleen aldera ere: “Guztioi esker, Euskara gara”.
Aurkezpenari amaiera emateko, arduradun nagusiak lekukoa altxatu du, eta AEKren Nazio Kontseiluko kideekin batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzera animatu du jendartea. Izan ere, aurkezpen honekin batera piztu da Korrikaren garra, eta, euskararen aldeko lasterketa martxoan izan arren, bitartean hamaika hitzordu egongo dira, Korrika Kulturala kasu. Hala, Kaka antzezlana —Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea— izango da ikuskizun nagusia. Hilaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean; ondoren, hainbat herritan ikusteko aukera izango da.
Korrika poltsikoan
Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat.
Korrika dendak
Hiriburuetako Korrika dendak eta online-denda gaurtik aurrera egongo dira zabalik. Bertan izango dira salgai arropa, bizkarrekoa eta bestelako osagarriak.
Ekitaldia bukatutakoan, familia-argazkia atera dute Gasteizko euskalgintzaren lagin batek, Korrikaren bidelagunek eta AEK-Korrikako kideek.