Abenduaren 20an ospatuko den Zinemaren Euskal Festa izango da ardatz nagusietako bat. Egun horretan bakarrik, filmetarako sarrera guztiak 3 euroko prezio sinbolikoan ikusteko aukera egongo da.
EZAE zine aretoen elkarteak Aretoetan, zinema beti handi kanpaina abiatu du. Hiru ekintza berezi biltzen ditu, honako helburuekin: “euskal eta europar zinemagintza sustatzea, publikoarekin loturak indartzea eta zinema-aretoen balio kulturalaren aitortza bultzatzea”, azaldu dute bertako kideek.
Ardatz nagusia, abenduaren 20an ospatuko den Zinemaren Euskal Festa izango da. Egun horretan bakarrik, euskal eta europar filmetarako sarrera guztiak 3 euroko prezio sinbolikoan eskainiko dira. “Helburua publikoa zinema-aretoetara hurbiltzea eta gure zinemaz pantaila handian gozatzea da”. Ekintza hori EZAEko areto guztietan egingo da, herritarrek karteldegiko pelikulak prezio berezian deskubritu eta gozatu ditzaten.
Euskal eta europar zinemako perlak
Beste bi egitasmo ere hartuko ditu kanpainak, eta orain hasi eta urte amaierara arte luzatuko dira. Alde batetik, Euskadi-Europa. Gure zinemako perlak ekimenarekin, euskal eta europar film bereziak proiektatuko dira, 2 euroko deskontuarekin sarreretan, gertuko egile-zinemaren aniztasun eta aberastasuna azpimarratzeko. Honako filmak ikusi ahal izango dira: Los domingos, La cena, Karmele, Mi amiga Eva, Sirat, La deuda, Ciudad sin sueño eta Jone, batzuetan.
Bestetik, Zinema Euskaraz familiartean zikloaren bidez, haur eta gazteentzako programazioa indartuko dute asteotan, 2 euroko deskontu bereziak eskainiko dira, eta honako filmez gozatu ahal izango da: Hartz-atzapar kanpamentua, Tigre galdua, Heidi, Super Elfkinak, Super Charlie, Kayara, Minecraft film bat eta Looney Tunes, lurrak eztanda egin zuen eguna.
Egitasmo honetan parte hartuko dute: Getxo Zinemak, Zugaza Durango, Nestor Basterretxea (Bermeo), Olalde (Mungia), Meatzari (Muskiz), Urduliz, Zalla, Modelo Zarautz, Hernani, Golem Alhondiga (Bilbo), Bastero (Andoain), Gurea (Villabona), Areria (Lazkao), Zelai Arizti (Zumarraga), Latxartegi (Legazpi), Oñatiko Zinema, Ikusgarri (Lekeitio), Multis (Bilbo), Niessen (Errenteria), Gorbeia (Gasteiz), Florida (Gasteiz), Ballonti (Portugalete) eta Antiguo Berri eta Principe zinemak (Donostia).