Aitziber Raya (argazkia: Donostia Kultura)

Aitziber Raya artistaren erakusketa zabalik da, Donostiako Ilustratzailearen Txokoan

Bizkaitarrak sortutako ilustrazioak martxoaren 15era arte egongo dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean.

Aitziber Rayak (Mungia, 2001) beti izan du gustuko ideiak irudietara ekartzea, formekin eta koloreekin jolasean aritzea. Egunerokoa fantasiarekin uztartzea atsegin du, irudimenez beteriko mundu berriak sortzeko. 2023an Sorkuntza eta Diseinuan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, Diseinu eta Ilustrazio ikasketak egin zituen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Ikasketak hastearekin batera, hasi zen ilustrazioarekin loturiko lehenengo lanetan. Gradu Amaierako lan modura, bere amonaren errezetak biltzen dituen liburua sortu zuen: Las cosas se hacen con cariño.

Bestalde, haurrentzako marrazketa eta eskulan tailerretan irakasle lanetan aritu izan da Loiun eta EHUko Arte Ederren Fakultateko Artebizi elkarteak argitaratutako komiki eta ilustrazio aldizkarian parte hartu zuen 2022an. 2023an TXillida Lekun Phyllida Barlow artista garaikidearen erakusketaren harira antolatutako Education Labean hartu zuen parte. Bertan, museoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen elkarlanari esker, beste bost gazterekin batera Phyllida Barlow artista britaniarraren obran inspiratutako egitura sortu zuen. Horrez gain, bestelako lanak egin ditu, Zerbikas Fundazioaren gida ezberdinen ilustrazioak, esaterako.

Rayak Sugaar Argitaletxean argitaratutako hainbat liburu ilustratu ditu: Relatos de la Sección Oculta (2024) eta Las furias guíen tu firme brazo (2025). Haur eta gazte literaturari dagokionez, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz urtero antolatzen duen Biko-Teka tailerrean parte hartu zuen 2024an. Bertan, astebetez Gotzone Butroirekin lau eskutara aritu zen lanean eta berarekin batera sortutako Orkestra zooragarria albumak Etxepare Saria eskuratu du 2025ean.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza, Raquel Samitierra, Aritz Trueba, Olaia Martinez, Nerea Urrestarazu, Joseba Beramendi eta Berta Suescun. Orain Aitziber Rayaren txanda da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna