Kontzertuetarako sarrerak bihar, abenduak 12, jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.
Gure Ahotsak Emakumezko Musikarien Zikloak egitarau mamitsua dakar 2026ko martxoaren 3tik 7ra Donostiara. Emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko oholtzetan. Hala, Neomak, Mirua, Chica Sobresalto, La Tremendita eta Clara Peya izango dira bi antzokietako oholtzetan eta, berrikuntza gisa, musikariekin topaketak izango dira aurtengoan kontzertuen ondoren, Victoria Eugenia Cluben, Clara Peya eta La Tremenditarekin.
Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Esther Fernandino Musika ataleko programazio teknikariaren esanetan, “emakumearen rola eta zuzeneko musikaren munduan duen ikusgarritasuna nabarmen ari dira aurrera egiten, eta horren adibide dira emakumeez osatutako taldeen belaunaldi berriak, ez bakarrik musika-estilo jakin bateko kantari gisa, baita beste instrumentu batzuen buru eta historikoki gizonak protagonista izan diren beste estilo batzuetan ere. Normalizatu arte, horrelako ekimenak bistaratu eta gauzatu behar izatea beharrezkoa da emakumeen talentua erakusteko eta emakumeek maila guztietan eta kontzertuak gauzatu arteko prozesu osoan duten garrantzia nabarmentzeko”.
Helburu horrexekin, aurtengo kartela eta parte hartuko duten musikarien bideoklipak oinarri hartuta, zikloaren berri ematen duen bideo laburra ikusgai izango da Donostia Kulturaren webgunean eta sare sozialetan gaurtik aurrera.
Zortzigarren edizio honetako irudiari dagokionez, TGA diseinu estudioak sortu duen identitate bisualak ahotsa jartzen du erdigunean. Emakumezko aho bat kantuan irudikatzen duen ilustrazioa adierazpenaren, presentziaren eta musikaren sinbolo zuzena da. Proposamena forma garbietan eta grafika xume eta atenporalean oinarritzen da, eta euskarri eta testuinguru ezberdinetara egokitzeko pentsatua dago. TGAko Nagore Garcia Pascualek adierazi duenez, “ahoa ‘donut’ itxurako forma zirkular batean integratzen da, euskarri bisual gisa funtzionatuz eta multzoari batasuna emanez. Zirkuluaren trazuan bertan zikloaren izena txertatzen da, irudia eta testua baliabide bisual bakarrean uztartuz. Identitate bisuala sistema malgu gisa planteatu dugu, bere elementuak (ahoaren irudia, zirkulua eta tipografia) batera zein banaka erabiltzeko aukera emanez, koherentzia eta ezaguterraztasuna galdu gabe”.
Gure Ahotsak Zikloko bost kontzertuetarako sarrerak ostiralean, abenduak 12, jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Gainera, aurten bi kontzertu edo gehiagorako sarrerak eskuratzen dituztenek Gure Ahotsak zikloaren produktu sorta jasoko dute opari, izakinak agortu arte. Gure Ahotsak egitasmoaren irudi berria duen poltsaz, kartelaz, txapaz eta pegatinez osatutako sorta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan jaso ahal izango da abenduaren 12tik aurrera sarrerak bertan erakutsita.