Luis Pepe Stinusen bildumako postal zaharren aukeraketa biltzen duen ‘Donostia postalez postal (1902–1930)’ liburua kalean da

Testu laburrez lagunduta, irudiek 1902tik 1930era arteko bilakaera urbanistiko eta soziala erakusten dute, eta aldi berean, jatorrizko postalen xarma nostalgikoa gordetzen dute.

Graficas Michelenak Donostia postalez postal (1902–1930) liburua aurkeztu du gaur prentsaurrean. 75 urteko enpresa familiarrak 1992an abiatu zuen Monográficas Michelena izeneko urteko bilduma eta oraingo hau 33. alea da.

Argitalpenak Luis Pepe Stinusen bildumako postal zaharren aukeraketa biltzen du, eta duela mende bat baino gehiagoko hirian zehar bidaia egiteko aukera ematen du. Irudiek Donostiako txoko enblematikoak erakusten dituzte: Foruen Pasealekua, antzinako Zurriolako Plaza, Gran Kursaal, hondartzak, portua eta hiria inguratzen duten mendialdeak.

Testu laburrez lagunduta, irudiek 1902tik 1930era arteko bilakaera urbanistiko eta soziala erakusten dute, eta aldi berean, jatorrizko postalen xarma nostalgikoa gordetzen dute.

Sortzaileei laguntzeko konpromisoa

Sortzaileei laguntzeko konpromisoari eutsiz, Donostia Kulturak azken urteotan Donostiarekin lotura duten hainbat lan babestu ditu. Horien artean daude Catalina de Erauso: pasioa eta loria – pasión y gloria (2025); Kike Otaegiren Atotxa-Egia (2024); Antton Kazabon eta Jokin Mitxelena egileen Elbira Zipitria Andereñoa (2024); Jabier Iraolaren Igeldoko historia eta istorioak (2023); Claudio Artesanoren Morlans denboran zehar (2022); eta Jokin Mitxelena eta Antton Kazabonen Burnizko potoa (2020).

Liburua salgai egongo da Hontza eta Librería Donostia liburu-dendetan, baita  www.michelena.eus webgunean ere 23 euroan. Horretaz gainera, Donostia Kulturako liburutegietan egongo da eskuragai, bertan kontsultatzeko edo maileguan eramateko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna