(argazkia: Goiena)

Pantxoa eta Peioren kontzerturako sarrera guztiak agortu dira

Lapurtarren historiako azken kontzertua 2027ko urtarrilaren 10ean izango da.

Pantxoa eta Peio bikoak amaiera duina eman nahi diote 40 urtetik gorako ibilbideari eta, horretarako, 2027ko urtarrilaren 10ean BECen agur kontzertua emango dutela iragarri zuten duela egun batzuk. Atzo jarri zituzten sarrerak salgai eta agortu dira jada. Bikoteak emozio handiz erantzun du, “nahi zaituztet eskertu, bihotz bihotzetik, asko hunkitzen nau halako harrera egiteak”, adierazi du Pantxoa Carrerek. Peiok Ospitalek, berriz, “hau guztia molde onean ospatzea” espero duela dio, hunkituta.

Jasotako erantzunagatik oso eskertuta, eta inor kanpoan ez uzteko asmoarekin, lantaldea aukera berriak aztertzen ari da.

Pantxoa eta Peio 1960ko hamarraldiaren amaieran hasi ziren euskaraz kantatzen, gure hizkuntzak eta kulturak mugaren bi aldetara jasaten zuen errepresioaren ondorioz etengabe atzera egiten zuen bitartean. Haien kantagintza, hasieratik, borrokarako eta aldarrikapenerako tresna izan zen, euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko ahots bihurtuta. Manex Pagola, Telesforo Monzon, Manex Erdozaintzi-Etxart, Xalbador, Jean Louis Davant, Roger Idiart, Xabier Lete eta beste hainbat idazleren testuak musikatu zituzten, eta kanta horietako asko belaunaldi askorentzat ereserki bilakatu dira.

1969an lehen kantuak argitaratu zituztenetik 2009ra arte, milaka kantaldi eta 18 argitalpen utzi dituzte, euskarazko kantagintzaren ondarean funtsezko lekua hartzen dutenak. 2011ko urte amaieran igo ziren elkarrekin oholtzara azkenengoz, jakin gabe hura izango zela azkena; etenaldi luze eta aurreikusi gabe baten ondoren, orain heldu da agur esateko unea.

Azken Dantza ez da soilik agur bat izango; euskal kantagintzak euskal herriaren historian eta Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko harremanean izan duen pisuari aitortza hunkigarria izango da, eta belaunaldiz belaunaldi partekatutako bizipen baten ospakizuna.

Zabaldu:

Utzi erantzuna