Helburuen artean daude haur eta helduen euskara maila hobetzea; familia baitako hizkuntza ohiturak aldatzea; Euskal Herriko herritarren arteko harremanak azkartzea; herri kulturaren aniztasuna partekatzea; eta kolektiboaren eta bizikidetzaren baloreak barneratzea.
AEK, Dindaia, Ebete, Plazara! eta Uda Leku eragileek Euskal Herri mailako familia egonaldi ibiltariaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Iaz egin zuten lehen edizioa eta izan zuen arrakasta ikusirik aurten esperientzia berritzea eta hobetzea erabaki dute.
Ekimenak familian bizitzeko abentura kolektiboa proposatzen du, “Euskal Herrian gaindi, urratsez urrats ibilki”. Helburuen artean daude haur eta helduen euskara maila hobetzea; familia baitako hizkuntza ohiturak aldatzea; Euskal Herriko herritarren arteko harremanak azkartzea; herri kulturaren aniztasuna partekatzea; eta kolektiboaren eta bizikidetzaren baloreak barneratzea.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, “formula sinplea da: goizean, gurasoentzat euskara-ikastaroak eta haurrentzat jolasak izango dira; arratsaldean, adin guztietako jarduerak egingo dituzte euskaraz; eta gauean, iluntze eta animazio lasaigarriak izango dira familian”.
Orain dela urte batzuk Hego Euskal Herriko hainbat euskaltegi familia barnetegiak proposatzen hasi ziren, “arrakasta polita bilduz”. Bertsio honen berezitasuna “izaera ibiltarian eta mugaz gaineko dimentsioan oinarritua da. Izan ere, aurten ere Ipar Euskal Herriko oporrek eta Hego Euskal Herriko Aste Santuek bat egingo dute; egutegien lerrokatze horrek euskararen lurralde osoko familien parte hartzea susta dezake”.
Hiru egonaldi
Abentura familiar honen bigarren edizioa berritasunekin dator aurten: egonaldi luzeagoak, prezio merkeagoak, aitatxi-amatxiek parte hartzeko aukera eta, batez ere, udako egonaldi berritzailea. “Norberak bere beharretara egokitutako egonaldia aurki dezake: Apirilaren 5etik 11ra, hobekuntza barnategi, Zuberoa eta Nafarroa artean; apirilaren 13tik 18ra, erdi mailako ikastaldia Lapurdi eta Nafarroa artean; eta uztailaren 20tik 25era, familia euskaldunentzako espedizio ibiltaria Euskal Herri osoan zehar”.
Talde profesional eta kualifikatu batek hartuko ditu familiak (animatzaileak, irakasleak, soziolinguistak, psikologoak…) egonaldi mota horretarako egokiak diren zentroetan (Irabarneko Gaztelua, Arantzako Aterpea, Arbonako Arantzola, Bakaiku, Lartzabaleko Espelletenia, Ondarreta Aterpetxea).
Dimentsio humanoa zaintzeko asmoz, egonaldi bakoitza 20 familiara mugatuko da, 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin.
Izena eman nahi duten familiek urtarrilaren 31ra arte izango dute epea zabalik. Otsailaren 1etik 15era, berriz, AEKk euskara mailaketak egingo ditu eta, azkenik, otsailaren 16an, erabakia familiei jakinaraziko zaie.