(argazkia: Tartean Teatroa)

Xabier Payak irabazi du XXIII. Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko euskarazko saria

Bertsolari baten buru barruan gertatzen dena du oinarri Payaren Ganbarako lana gidoiak. Hain zuzen ere, 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko kartzelako lanean. Pedro Zabalzak Natalia gaztelaniazko lanagatik eraman du aurtengo saria.

Xabier Paya bertsolari, gidoilari eta itzultzaileak (Getxo, 1982) Ganbarako lana izeneko gidoiagatik irabazi du XXIII. Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko euskarazko saria eta Pedro Zabalza kazetariak (Iruñea, 1970) Natalia gaztelaniazko lanagatik. Denetara 24 gidoi jaso dituzte Cafe Bar Bilbao Sariaren 23. edizio honetan. Hauetatik hamar euskaraz izan dira. Patxo Telleria, Getari Etxegarai, Jokin Oregi eta Mikel Martinez antzerkigileek osatu dute epaimahaia.

Payaren Ganbarako lana bertsolari baten buruan gertatzen den antzezlana da, hain zuzen ere, 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko kartzelako lanean. Bere barneko ahotsen eztabaida entzungo dugu bertso bakoitza kantatu aurretik. Zer kantatzen dugu oholtzan… eta zer isiltzen dugu handik jaistean? Bertsoa, antzerkia eta egia gordina taula gainean.

Zabalzaren Natalia gidoian, berriz, protagonista neska gazte erakargarri bat da, edo ez. Hugo gizon heldu bat da, edo ez. Nataliak eta Hugok hitz egiten dute, eta haien elkarrizketa mundua bezain zaharra da: emakume atsegin (edo ez) bat, bere kezkez gainezka dagoen gizon batekin hizketan, edo agian ez. Betiko beharrak, gaur egungo teknologiaren formekin, eta horien azpian beti modatik pasatzen ez den botere-joko baten taupada. Nataliaren munduan gauzak ez dira diruditen bezalakoak, baina benetako gauza bakarra bakardadearen eta galeraren mina denean, gutxi axola du zenbat egia dagoen kontsolamendua ematen digun horretan. Ahultasunaren eta arreta-beharraren itxurapean, pertsonaiek beren sentimenduak ezkutatzen dituzte eta elkarri tranpak jartzen dizkiote hilgarria izan daitekeen joko batean, baina jokatu beharrekoa dena.

Sariak

Irabazle bakoitzak 800 euro jasoko ditu eta gidoia Pabellon 6 Antzerki Laburreko Jardunaldietan taularatzeko aukera ere izango du, norbaitek antzezlana ekoiztu nahiko balu. Cafe bar Bilbao-Tartean Teatroak laguntza bat eskainiko du (600 euro) saritutako lan bat (euskarazkoa edo erdarazkoa) Jardunaldi horietan estreinatu eta publiko aurrean erakutsi ahal izateko.

Bestalde, euskarazko gidoi irabazlea Tartean Teatroaren laguntzarekin irakurketa dramatizatua formatuarekin eszenaratuko da Bilboko Lautan Hiru Jaialdian otsailean. Gainera, Pabellon 6ko Antzerki Laburreko jardunaldietan ere taularatuko da, ohiko antzerki formatuan.

Dramaturgo hasiberriak

Teatro Laburreko sari honen ezaugarri nagusia formatu txikira egokitzen diren antzezlanak laguntzea da. Hau da, antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar dira eta, banaketa eta ekoizpen errazekoak. Honekin batera, sari honen beste xedeetako bat dramaturgo hasiberriak laguntzea eta antzerkiaren munduan murgiltzen animatzea da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna