(argazkia: EHU)

‘Hizkuntza neuroaniztasunean ikertzen’ erakusketa irekiko dute urtarrilaren 27an, Gasteizen

Helburu nagusia da haur, nerabe eta heldu autisten parte-hartzeari esker sortutako ezagutza komunitateari itzultzea. Erakusketa otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Gasteizko Unibertsitate Pabiloian, erakusketa aretoan.

Hizkuntza neuroaniztasunean ikertzen erakusketa ‘Language in Neurodiversity Lab’ (LindyLab, EHU) ikerketa-taldeak egindako dibulgazio-proposamena da. Erakusketak azken urteotan egindako ikerketen emaitza nagusiak modu ulergarrian aurkeztuko ditu, pertsona autisten (AEN) eta Hizkuntzaren Garapenaren Nahasmendua (HGN) duten pertsonen hizkuntzaren garapenari eta erabilerari buruzkoak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “erakusketak hamasei ikerketetako ibilbidea proposatuko du, gehienak AENri buruzkoak. Ikerketa horiek hizkuntzaren hainbat arlo jorratzen dituzte (lexikoa, hizkuntza egituratua eta pragmatika edo hizkuntzaren erabilera testuinguruan), eta arlo horiek profil oso desberdinak dituzten haur, nerabe eta heldu autistetan nola agertzen diren erakusten dute. Poster bakoitzak QR kode bat izango du, azalpen-bideo batera sartzeko aukera emango duena; bertan, ikerketa-taldeko kideek edo ikertzaileek informazio gehigarria zabalduko dute eta emaitzak testuinguruan kokatuko dituzte”.

Erakusketa familiei eta profesionalei ez ezik, publiko orokorrari ere zuzenduta dago, eta helburu nagusia da haur, nerabe eta heldu autisten parte-hartzeari esker sortutako ezagutza komunitateari itzultzea.

Halaber, ikerketa hauek posible egin dituzten elkarte, ikastetxe eta hainbat erakundetako profesionalen lankidetza eskertzeko modua ere bada. Erakusketarako sarrera librea izango da eta astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 8:00etatik 20:00etara.

Jarduera osagarri gisa, astero arratsaldez bisita gidatuak eskainiko dira. Bisitariek galderak egiteko, ikerketak komentatzeko eta ikerketa-ildo desberdinetan pixka bat sakontzeko aukera izango dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna