(argazkia: Bertsularien Lagunak)

Maddi Ane Txoperenak eraman du Xilabako txapela

Larunbatean izan zen finala. Maddalen Arzallusekin aritu zen Txoperena buruz  burukoan.

Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekua bertsozalez beteta, amaiera eman zioten larunbatean Xilaba Bertsolari Txapelketari. 1.850 bertsozaletik gora elkartu ziren finalean, sei bertsolarien lanari adi. “16:00etan ateak ideki, eta kadirak betez joan ziren bertsozaleak; 17:00etan igo ziren oholtzara bertsolariak sintoniaren errimopean. Zozketak erabakitako ordenean aritu ziren kantari Aitor ServierElixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen ArzallusMaddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe”, kontatu du Bertsularien Lagunak Elkarteak.

Lehendabizi, zortziko nagusian eta zortziko ttipian aritu ziren, ofiziotan; puntu-erantzunetan jardun ziren gero eta hamarreko ttipian ondoren, berriz ere binaka, ofiziotan; azkenik, bakarka aritu ziren, ganbarako lanean, gai bera emanda, neurri eta doinu librean: “Gaur lehen aldikotz, zure buruari aitortu diozu ez duzula arrazoin”.

Lan horien ondotik, Maddi Ane Txoperenak eta Maddalen Arzallusek lortu zuten puntu gehien eta eurek kantatu zuten buruz-burukoan. Miren Artetxe buruz burukotik kanpo geratu zen puntuazioz berdinduta. Azkenean, Maddi Ane Txoperenak jantzi zuen txapela 1132 punturekin.

Zehazki, horrela gelditu zen finaleko sailkapena: Maddi Ane Txoperena (1132), Maddalen Arzallus (1106,5), Miren Artetxe (684,5), Aitor Servier (682), Irantzu idoate (664) eta Elixabet Etxandi (606,5).

Xilaba bertsolari txapelketa amaitu bada ere, 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bost finalistek hartuko dute parte.

Txapela Maialen Hiribarrenen eskutik

Larunbatean, Maialen Hiribarrenek jantzi zion txapela Maddi Ane Txoperenari, baita makila eman ere. Elkartea bera osatzen eta indartzen eginiko xinaurri lana eskertu nahi izan zion Xilaba Txapelketaren antolatzaile den Bertsularien Lagunak elkarteak. Hain zuzen, “elkartean 15 urtez bolondres lanetan jardun du Hiribarrenek, gaur egungo ardatzei hauspoa ematen, batez ere transmisioari”.

Bestalde, sari- ematean aritu ziren Pagoa Bidart bertso eskolen izenean, Iban Ithurbide txapelketa guzian zehar laguntza ekarri duten ikastola eta elkarteen izenean, Marikarmen Albizu Bertsularien Lagunak elkartearen izenean, Maddi Zubeldia kulturgintzaren izenean, Ihintz Oliden AEK-korrikaren izenean eta Ekaitz Elorriaga Bertsozale Elkartearen izenean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna