(argazkia: Korrika)

Orburutxo eta Zainzuriñe Errigoraren panpinak 24. Korrikan parte hartzeko prest

Korrikak aitortza egin dio euskararentzat eta euskaraz lanean ari den Errigora ekimenari, egin duen eta egiten ari den lanagatik, eta baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere.

Durangoko Plateruenan egin zuten omenaldia larunbatean eta, bertan, Orburutxo eta Zainzuriñe Errigoraren panpinak ere aurkeztu zituzten. “Korrikak bere ibilbidean izango dituen bidelagunak dira, eta Atharratzetik Bilbora, Euskal Herriko hamaika txokotan ikusiko ditugu”, azaldu dute.

Errigorak hiru ardatz nagusi ditu: euskara, auzolana eta elikadura burujabetza. Aterpe irekia eskaintzen die Ager eremuko herritarrei eta euskalgintzari, Euskal Herri osoko kontsumitzaileei eta ekoizleei. Alegia, “24. Korrikaren leloaren (Euskara gara) adibide ezin hobea da Errigora”. AEKren Nazio Kontseiluko kide Xabi Gartziak definitu bezala, “amesten dugun Euskal Herriaren egileak”.

Gartziak ekimenaren sorrerak gogoratu zituen larunbatean: “Korrika legez, ideia sinple bezain ausart moduan jaio zen, eta denborak erakutsi du arrakastatsua eta bikaina dela”. Gartziaren hitzetan, bada beste antzekotasun bat Errigoraren eta Korrikaren artean: “Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe”.

Bestalde, Ane Elordi Korrikako arduradunak aipatu zuenez, “AEKk eta Errigorak bat egiten dute printzipioetan: euskararen sustapena eta burujabetza. Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora”.

Era berean, dei egin zion jendarteari, martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora, Euskal Herri osoan Errigora omentzeko eta hauspotzeko: “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, 24. Korrikaren bitartez, Errigorak euskalduntzean egiten duen ahalegina aintzatesteko era izango da, baita etorkizunerako bultzada emateko hauspoa ere”.

Adriana Urmenetak eta Irati Abiok, Errigoraren izenean, AEKri beren esker ona adierazi zioten: “eskerrak eman nahi dizkiogu Korrikari, bere 24. edizio honetan Errigoraren lana omentzeagatik. Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasun magiko hori, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat da. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan”.

Zainzuriñe eta Orburutxo, Errigoraren ordezkari

Azkenik, Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa omenaldi-ekitaldiaren gidariek Orburutxo eta Zainzuriñe panpinak aurkeztu zituzten primizian. Martxoaren 19tik 29ra, bi lagun horiek non dauden identifikatzen dituztenek (lasterketa bitartean, 24 orduko zuzenekoan edota Korrika aplikazioan) sorpresaren bat izango dute. Laster, informazio gehiago zabalduko dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna