Donostiako Kolab Kontadores, eraikin-laborategi eta auzorako erreferentzia gunea izango den espazio bat

Kontadoresen eraikina “espazio ireki, inklusibo eta erabilgarri” bihurtu nahi dute, “esperimentaziorako, topaketarako eta sorkuntza kolektiborako gune gisa pentsatua”.

Kontadoreseko eraikina Bidebietaren erdi-erdian dago, eta etapa berri bati ekingo dio aurki. Luzaroan martxan egon ondoren, egungo espazioak bere zikloa bete du. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Donostiako Udaleko Gazteria Zinegotzigoak prentsaurreko bat egin dute gaur eraikinean bertan, hura egokitzeko eta aktibatzeko aurreproiektuaren berri emateko. Aurreproiektuaren arabera, eraikina Kolab Kontadores izango da aurrerantzean, eraikin-laborategi eta auzorako erreferentzia gunea izango den espazio bat.

Azaldu dutenaren arabera, “proiektuak Kontadores espazio ireki, inklusibo eta erabilgarri bihurtuko du, esperimentaziorako, topaketarako eta sorkuntza kolektiborako gune gisa pentsatua, Bidebietaren egungo beharrei erantzuteko eta etorkizuna proiektatzeko. Helburua kultura demokratizatzea da: auzoetan kulturarako sarbidea eta partaidetza zabaltzea eta bermatzea, sorkuntza herritarren eguneroko bizitzarekin lotuz eta gizarte kohesioa indartuz”.

Gazteentzako erreferente bat

Aurreproiektuaren helburua da “Kontadores berria erreferente izatea gazteentzat, ez bakarrik Bidebietakoentzat, baita Donostia osoko gazteentzat ere, eta, gainera, hiriko kultura ekipamenduen eskasia murrizten laguntzea eta auzoetan kulturarako sarbidea izateko aukerak zabaltzea. Espazio bizi, inspiratzaile eta sortzaile gisa ulertzen da, eta bertan gazteek emantzipaziorako, prestakuntzarako, enplegurako, sorkuntzarako eta parte-hartze sozialerako laguntza aurkituko dute”, adierazi dute.

Eraikinak espazio malguak ditu ikasteko, lankidetzan aritzeko, proiektuak sortzeko eta gazte ekimenei laguntzeko, hala, Kolab Kontadores “gauzak gertatzen diren” lekua izan dadin, eta gazteak haren parte sentitu daitezen.

Adinekoentzako gunea

Eraikinaren eraldaketa ez da gazteentzat soilik izango, adinekoek ere izango dute tokia eraikin berrian, belaunaldien arteko harremanak sendotzeko ikuspegi batetik begira.  “Kontadores berriak espazio partekatua izan nahi du, gazteek eta adinekoek elkar aberasteko, esperientziak trukatzeko eta bizikidetza eraikitzeko. Proposamenak belaunaldien arteko sinergiak sortu nahi ditu, eta Kontadores auzotarren benetako topagune gisa planteatzen du, jakintzak, bizi-ibilbideak eta afektuak konektatuko dituena, auzoaren aniztasuna benetako eta eguneroko bizikidetza bihurtuz”.

Eraikina

Eraikinaren beheko solairua —gaur egun Donostiako Udaleko Gazteria Departamentuak erabiltzen duena eta Gaztelekua kokatzen dena— erabat txertatuko da proiektu berrian, gazteen topagune, parte-hartze eta sormenerako espazio gisa duen funtzioa indartzeko. Solairu honek auzoko gazteentzat erreferentzia izaten jarraituko du, baina planteamendu berritu, irekiago, malguago batekin, eta eraikin osoarekin lotuta.

Horrez gain, hirugarren solairua egokitu egingo da, gaur egun ez baita ezertarako erabiltzen, eta balio anitzekoa izango da. “Helburua da eraikinari kultura, prestakuntza eta komunitate ekimenak hartzeko gaitasun handiagoa ematea, ikaskuntzak, esperimentazioak eta bizitza sozialak bat egingo duten ekosistema dinamiko bat sortuz Horrela, Kontadores benetako hiri-laborategi bilakatuko da, auzoaren eta hiri osoaren zerbitzura”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna