(argazkia: Piszifaktoria Ideien Laborategia)

Piszifaktoria Ideien Laborategiak ‘Hegan egiteko gogoa da’ antzezlana aurkeztuko du martxoaren 8an, Leitzan

Obrak gaur egun puri-purian dagoen gaietako bat izango du ardatz: buru-osasuna. Ikusmena ez beste zentzumen guztiekin biziko den antzezlana dela dio lantaldeak.

Piszifaktoria Ideien Laborategiaren ‘Hegan egiteko gogoa da’ antzezlan luzeak lehen argi-izpiak ikusiko ditu martxoaren 8an, igandea, Leitzako Herri Aretoan.

Obra honen erdigunean publikoa dago, barru-barrutik biziko baitu esperientzia sentsorial oso berezi bat. Lan hau eraikitzeko, beraz, “ezinbesteko osagaia da obra bizitzera datorren jendea”, eta, horregatik, lantaldeak martxorako antolatu dituen hiru emanaldietarako lanari azken ukituak emango dizkio publikoaren laguntzaz, maiatzean Leioako Umore Azokan egingo den erabateko estreinaldiaren aurretik.

Antzezlanak gaur egun puri-purian dagoen gaietako bat izango du ardatz: buru-osasuna. Horrenbestez, “errealitatea deitzen dugun hori bat-batean beste modu batez entzuteak ematen duen bertigoaz, erotzea deitzen dugun horretaz, estigmaz eta batez ere sorbaldatik heldu eta elkarri laguntzearen beharraz hausnarketa egiteko aukera emango du antzezlanak”, azaldu du Piszifaktoriak. “Ikusmena ez beste zentzumenekin bizitzen den obra berezia da hau. Hortaz, itsuentzat eta edozein motatako ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat erabat irisgarria da. Ikusmen arazorik ez daukan publikoak, berriz, begiak estalita biziko du obra”.

Irati Agirreazkuenaga eta Mikel Ayllon izango dira publikoarekin batera zuzenekoetan, Ayllonek berak eta Amaia Garatek diseinatutako dramaturgiarekin. ATX Diseinua eta Sorkuntzak sortu du obra berezi honek behar duen dispositibo eszenikoa. Ibon Agirrek garatu du soinu-espazioa eta ikuskizunaren jatorrizko musika, Audiogela estudioan. Badalab zentroa eta Gazteizko Antzokien Sarea izan dira babesle nagusiak.

Leitzako emanaldia izango da hil honetako lehena. Beste bi aukerak martxoaren 18an, asteazkena, Errenteriako Lekuona Fabrikan eta martxoaren 25ean, asteazkena, Bilboko Alondegian izango dira. Emanaldi guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko areto bakoitzaren webgunean, Bilboko saiorako sarrerak izan ezik, denak bukatu baitira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna