Kirikiño Ikastolako ikasle ohiak dira abestia sortu duten musikariak.
Kirikiño Ikastolak Bilboko Arriaga Antzokian aurkeztu ditu aurtengo kanta eta bideoklipa arrakasta handiz. Bizkaiko ikastolen aldeko festa ospatzeko hiru hilabete baino ez dira falta, jai handia maiatzaren 31n izango da.
Aurtengo Ibilaldiaren kantaren aurkezpenean musika, dantza eta kolorea izan dira nagusi. Gainera, ikasleak eta ikasle ohiak izan dira ekitaldiko protagonista nagusiak. Izan ere, aurtengo abestia Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dute, gaur egun euskal musikaren erreferente diren hiru taldetako artistek: Aiora Renteriak (Zea Mays), Unai Madariagak (EZEZEZ) eta Jon Fernandezek, Andoni Barinaga-Rementeriak eta Iñigo Guemesek (Txopet), hain zuzen ere. Denak Kirikiño Ikastolako ikasle ohiak dira, baita Imanol Ituiño magoa eta Amaia Usandizaga eta Ainhize Vega kazetariak, ekitaldiko aurkezleak.
Belaunaldien arteko lotura
Ikastolaren komunitateak sortutako proiektu honek belaunaldien arteko lotura eta konpromiso partekatua azpimarratu nahi izan ditu. Horrela, bada, kantaren aurkezpenean erakutsitako bideoklipean, bideoan eta ekitaldian bertan, Kirikiño Ikastolako gaur egungo ikasleak agertzen dira. LH, DBH eta Batxilergoko zenbait ikaslek abestuz eta dantzatuz hartu dute parte emanaldian, besteak beste, eszenatokian zuhaitz handi bat sortuz, eta Hiri kiribili bil aurtengo Ibilaldiaren logoa eraikiz.
Bertaratutakoei ongi etorria emateko, DBH eta Batxilergoko ikasleak igo dira oholtzara. Abestuz batera, ikasleek dantza egin dute, dantza desberdinak gainera, euskal dantza, dantza klasikoa eta dantza modernoa, gizartearen aniztasunaren isla.
Ondoren, Haizea Etxebeste Kirikiño Ikastolako lehendakariak hartu du hitza eta euskararen transmisiorako ikastolen lana eta komunitatearen indarra goraipatu ditu, Kirikiño Ikastolan azken ia 50 urtetan egiten den bezala, eta maiatzaren 31n denok Bilbon batzeko deia egin du Bizkaiko ikastolen jai handian.