Miguel Berzosa artistaren erakusketak asteazkenean irekiko ditu ateak, Donostiako Ilustratzailearen Txokoan

Donostiarrak sortutako ilustrazioak ekainaren 7ra arte egongo dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean.

Miguel Berzosa (Donostia, 1945) marrazkilari eta margolari autodidakta da. Txikitatik komikiarekiko interesa izan zuen adierazpen artistiko gisa. 70eko hamarkadan, Donostiako Erein argitaletxean hasi zen profesionalki argitaratzen, eta Mintxo sortu zuen, Ipurbeltz aldizkariko pertsonaia, oihartzun handikoa. Harriet argitaletxeak koloretan berrargitaratu du euskal komikigintzaren erreferente hau. Berzosaren hitzetan, “Ipurbeltzen hasi nintzen eta horregatik beti eskertua egongo naiz. Mintxo nire lehen pertsonaia izan zen, nekazari bikaina, umorez eta samurtasunez betetako istorioak kontatzen zituena esaldi batean”.

Ondoren, Iparragirreren eta Elkanoren bizitzak marraztu zituen eta Amaia, vascos del siglo VIII eleberriaren egokitzapena egin zuen. Argitaletxe ugaritan egin du lan: Erein, Mezulari, Ttartalo, Editions du Signe (Estrasburgo), Les Editeurs du Rameau (Paris), eta Europatik kanpo, Estatu Batuak, Asia eta Latinoamerikan, besteak beste. Prentsan ere ilustratzaile lanetan aritu da.

Ilustratzaile gisa, gazteentzako liburuetan lan egin du, hala nola, historiaurreari buruzko Kanideren abenturak bilduma, zazpi liburuetan argitaratuak.

Ilustratzailearen Txokoa

 2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza, Raquel Samitierra, Aritz Trueba, Olaia Martinez, Nerea Urrestarazu, Joseba Beramendi, Berta Suescun eta Aitziber Raya. Orain Miguel Berzosaren txanda da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna