(argazkia: AEK-Korrika)

🏃‍♀️🏃‍♂️ “Euskara gara eta hemen gaude, hemen gara eta euskaraz gaude”

Bilboko hainbat gunetan izango dira ekitaldiak egun osoan zehar. Batetik, LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak talde eta bakarleriek, besteak beste, kontzertuak eskainiko dituzte. Bestetik, azoka, herri-kirolak, herri-bazkaria, erakusketak eta abar izango dira.

Oihana Arana, Leire Casamajou, Elene Mengyu Larrinaga, Oier Iñurrieta, Aitzol Gil de San Vicente, Xalbat Alzugarai eta Beñat Jusueren eskutik heldu da lekukoa Bilboko Udaletxera, Atharratzetik abiatu eta hamaika egunera. Lekukoaren barruko mezu sekretuaren egileak Euskal Herriko zazpi herrialdetako ordezkari gazte dira: Sohüta, Urepele, Tutera, Hendaia, Barakaldo, Gasteiz eta Eskoriatzakoak. Pizkunde berri baten beharra kontutan hartuz, AEKk haiek aukeratu ditu, euskal gazteriaren ordezkari, gai horretan gazteak lehen lerrora ekartzeko asmoz.

Mezu kolektiboa

Lekuko barruko mezu sekretuak komunitatearen ideia azpimarratu du: “Euskara gara diogu, ez euskara naiz, eta irudikatzen dugu besoak zabalik dagoen gorputz baten gisa, zeinak leihoak dituen begietan”. Halaber, mezu-egileek diotenez, hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira; leku bat ematen digute, bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digula ere badiote: “Horrexegatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin, egiten da, baina izatea ez da edozein gauza, munta handikoa da”. Ongi nabarmendu dutenez, “Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan”.

Azkenik, egileek zuzenean interpelatu dute jendartea mezuaren bukaeran: “Bazatozte?”, galdetu dute. AEKko Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarreta Artabek AEKren izenean hitza hartu dy, eta Euskal Herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztiak lekukoa hartzera deitu ditu, “bagoaz zuekin Pizkunde berri batera!” adierazteaz batera. Eta “gazte, baina ez horren gazte” direnei euskaltegietako ateak zabalik dituztela gogorarazteaz gain, “hizkuntzarik ez duen herri bat ez dela herri izango”, aipatu du.

Euskara gara. Euskararen herria garela behin eta berriz esan du AEKk, eta gure herrian badagoela guztiontzako lekua ekarri du gogora Etxezarretak: “Berdin dio zein diren jatorri, azal-kolore edo euskararen gaineko ezagutzak. Denon artean eraikita, azkenean aurkituko dugu gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, Euskal Herri feminista, antirrazista, goxoa… eta euskalduna!”

Milaka eta milaka euskal herritarrek garbi adierazi dute, hamaika egunez, herri honek zein gutxieneko hizkuntza-eskakizun nahi duen: Euskal herri euskalduna. AEKko eledunak ozen eta argi esan du: “Hori da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna: “Euskal herri euskalduna”.

Egun osoko jaia

Bilboko hainbat gunetan izango dira ekitaldiak egun osoan zehar, publiko-mota guztiei begira. Batetik, LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak talde eta bakarleriek, besteak beste, kontzertuak eskainiko dituzte. Bestetik, azoka, herri-kirolak, herri-bazkaria, erakusketak eta abar izango dira. Egitaraua hemen.

Mezu sekretuaren egileak. Hemen biografiak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna