Bigarren edizioa apirilaren 16an izango da Bilboko Azkena Aretoan.
Musika Industriaren Elkarteak (MIE) MIEtik Musikara ekimena egingo du apirilaren 16an Bilboko Azkena Aretoan. Bigarren edizio honen helburua Euskal Herriko zuzeneko musikaren ekosistema ikusarazi eta indartzea izango da. Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta sektoreko profesionalak bilduko ditu, aitortza, hausnarketa eta zuzeneko musika uztartzen dituen hitzordu batean.
Hala, musika ez dela bere kabuz gertatzen izango du abiapuntu edizioak. Antolatzaileen esanetan, “ekimenak kontzertu bakoitza, areto bete bakoitza eta partekatutako esperientzia musikal bakoitza posible egiten duen ekosistema osoan jartzen du arreta. Testuinguru honetan, ekimena topagune gisa sendotzen da, musika industriaren oraina eta etorkizuna elkarrekin eraikitzen jarraitzeko”.
Bigarren edizio honetan, Euskal Herriko musikaren garapenean egindako ekarpenagatik hiru erreferente nagusiren ibilbidea omenduko da: Amaia Apaolaza, Lurdes Iriondo eta Tio Pete Estudioa.
Amaia Apaolaza hil zenetik hamaika urte beteko diren urte honetan “ezinbestekoa iruditzen zaigu bere ibilbidea omentzea. Musikari lanetan hasi bazen ere geroago manager bilakatu eta Euskal Herriko artisten bidelagun izan zen, Fermin Muguruza, Ruper Ordorika edo Gose besteak beste. Berak ezarri zituen egun pil-pilean dagoen industria oso baten oinarriak”.
Iriondok, berriz, “ahotsa jarri zion Euskal Herriko une garrantzitsu batean musika eta kultura ulertzeko modu bati. Ez Dok Amairu kolektiboko kide sortzaile izanik, bere ibilbidea sentsibilitateak, zintzotasunak eta hizkuntzarekiko zein kulturarekiko konpromiso sendoak markatu zuten. Bere ahotsaz harago, musikarekiko izan zuen jarrerak eta egiteko moduak gaur egunera arte iritsi den arrastoa utzi du, ondorengo belaunaldientzat erreferente bihurtuz”.
Tio Pete estudioari dagokionez, Carlos Zubiagak entsegu lokala izateko asmoarekin sortu zuen eta Bizkaiko lehen estudio profesionala bilakatu zen 80. hamarkadan. Ordutik ehunka dira bertan bere soinua definitu duten artistak. Estudioaren ibilbidea eszenaren bilakaerarekin lotuta dago, gaur egunera iristen zaigun hazkunde horren lekuko eta parte aktibo izan baita.
Ekimen honen bidez, MIEk berretsi egin nahi du Euskal Herriko musika industriaren sarea indartzeko duen konpromisoa, agertoki gainean zein atzean lan egiten duten pertsona guztiak balioan jarriz.