Itziar Olaguek eta Amaia Elizagoien

Karrikirik Lourdes Iriondoren sorkuntza-lana gaurkotuko du aste honetan, bi saio berezirekin, Iruñean

Asteazkenean, Alex Gurrutxagak Lourdes Iriondo. Bide-urratzaile literatura eta kantagintza aztergai liburua aurkeztuko du eta Miren Narbaizak Lourdes Iriondoren kantak eskainiko ditu. Larunbatean, berriz, Itziar Olaguek eta Amaia Elizagoienek ipuin-kontaketa musikala egingo dute.

Nabarmendu dutenez, “Iriondo funtsezko izena da euskal sorkuntzan, Ez Dok Amairu taldeko kide eta emakume bakarra izan baitzen. Kantagintzan zein literaturan bide berriak ireki zituen, eta gaur egun ere erreferente izaten jarraitzen du, bereziki emakume sortzaileen ikusgarritasuna sustatzeko orduan”. Hala, Karrikirik bere figura berreskuratu nahi du, gaur egungo euskal kulturaren oinarriak hobeto ulertzeko.

Lehen hitzordua asteazkenean izango da, hilak 15, 19:30ean, Karrikiriren egoitzan bertan. Alex Gurrutxagak Lourdes Iriondo. Bide-urratzaile literatura eta kantagintza aztergai liburua aurkeztuko du eta Miren Narbaiza musikariak Lourdes Iriondoren kantak eskainiko ditu. “Saioa ez da aurkezpen tekniko batera mugatuko: errezitaldi kantatu bat eskainiko dute, Iriondoren doinuak eta testuak gaurko formatura ekarriz”, azaldu dute.

Asteko bigarren proposamena larunbatean izango da, apirilak 18, 18:00etan, Laba aretoan. Ameli proiektuko Itziar Olaguek eta Amaia Elizagoienek ipuin-kontaketa musikatua egingo dute, publiko familiarrarentzat. Narrazioa eta musika uztartuta, Iriondoren mundu artistikoa modu ludiko eta hurbilean ezagutzeko aukera izango dute txikienek.

Transmisioaren aldeko apustua

Iruñeko Alde Zaharrean kokatua, Karrikiri euskal-denda eta kultur guneak urte osoan zehar lantzen du euskarazko sorkuntzaren transmisioa. Hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenen bidez, euskal kulturako izenen lana gaurkotzea eta plazaratzea du helburu. Ildo horretan kokatzen da aste honetako egitasmo hau ere, Iriondoren memoria bizirik eta aktibo mantentzeko asmoz. Hori dela eta, ekitaldiez gozatzeaz gain, Lourdes Iriondoren liburuak, diskografia eta haren ibilbidearekin lotutako bestelako materialak ere eskura daude Karrikiriko apaletan, sortzailearen unibertsoan sakondu nahi duenarentzat.

Bi ekitaldiak irekiak izango dira, lekua bete arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna