(argazkia: Donostia Kultura)

Gero Axular Dantza Taldeak ‘Agoteak’ ikuskizuna estreinatuko du apirilaren 19an Victoria Eugenian

Agoteak gizarte irekiago, askatzaileago eta errespetutsuago baten aldeko aldarria da, memoriaz, desberdintasunaz eta itxaropenaz diharduen ikuskizuna.

Gero Axular Dantza Taldeak bere hamargarren ikuskizunarekin igoko da Donostiako Victoria Eugenia antzokiko oholtzara, hilaren 19an. Agoteak da ikuskizunaren izena eta agoteen historia eta maskulinitatearen forma berriak uztartzen ditu, desberdina denaren beldurrak nola irauten duen erakutsiz, aurpegi berriak jantzita.

Mugimenduaren bidez, dantzariek bazterketaren herentzia eta askatasunaren aukera uztartu nahi dituzte —erruduntasunik gabe, burdinarik gabe. “Burdinaren semeak” memoriaz, desberdintasunaz eta itxaropenaz diharduen ikuskizuna da: estigma indar bihurtzen duen erritu bat, eta lotsa harrotasun.

Juan Luis Unzurrunzagarena da ikuskizunaren jatorrizko ideia, hark zuzendu du obra  eta koreografiak sortu ditu. “Gizarte irekiago, askatzaileago eta errespetutsuago baten aldeko aldarria” dela dio. Haren esanetan, “memoriaz, desberdintasunaz eta itxaropenaz diharduen ikuskizuna da. Bakoitzak nahi duen bidea aukeratzeko askatasuna aldarrikatzen du, baita gaur egungo gazteen balioa ere, nahiz eta gehienek presioa egin, dantza egitea aukeratu baitute”.

Andoni Iparragirre arduratu da musika zuzendaritzaz, Ana Martinez, Gurutze Telleria jantzigintzaz, Aitor Azkuna, Javier Sainz de Murieta argiztapenaz eta Roberto Gonzalez Soinuztapenaz.

Gero Axular Dantza Taldea

2024ko ekainean taldeak 20 urte bete zituen euskal kultura sustatzen, zabaltzen eta iraunarazten. Bi hamarkada horietan, Gero Axularrek “aztarna ezabaezina utzi du dantza tradizionalarekiko maitasuna erakutsiz taldean ibilitako 600 gazte baino gehiagori. Gazte hauek, harrotasunez erakusten dute beren trebetasuna herriko festetan dantzatuz, aktiboki parte hartzen dute erromerietan eta harro daude gure ospakizunetan jantzi tradizionalak janzteaz. Ondare kultural horri esker, gure belaunaldiek beste kultura batzuk ezagutu eta partekatu ahal izan dituzte, baita atzerrian euskal kultura atzerrian nola miresten den ikusteko gozamena izan dute”, azaldu du lantaldeak.

Diotenez, “hori guztia posible izan da Geron antolatzen ditugun jarduerei esker, euskal kultur ondare aberatsa sustatu, zaindu eta zabaltzeko helburu nagusiarekin. Hala ere, gure lana arlo kulturaletik haratago doa, zeharka lan egin baitugu gizarte solidarioago eta inklusiboago bat lortzen laguntzeko”.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna