Ikerketek diotenez, gaur egun bezala jarraituz gero eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo du, eta horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da Esnatu dinamika.
UEMAk ‘Esnatu’ dinamika aurkeztu du hainbat eragileren laguntzarekin, eta era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileen konpromisoak sustatzea da asmoa.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi duenez, “UEMAk kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin, eta arduraz bizi du azken ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera. Izan ere, UEMAk argi du arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen. Hori da otsailean aurkeztu genuen Lurralde Estrategia euskararentzat proposamenaren oinarria. Ezinbestekoa da egoerari buelta ematea, eta kezka eta ardura horretatik sortu da Esnatu dinamika ere”.
Konpromiso zehatzak, egoera iraultzeko
Aramendik adierazi duenez, Bertsozale Elkartea izan da, nolabait, ekimenaren aitzindaria: “UEMAren eskariz Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketak aurkeztu genuen iaz. Besteak beste, eremu euskaldunenaren gainbehera aurreikusten du ikerketak, arnasguneak ia desagertzeraino, eta horrek oihartzun handia izan zuen hedabideetan. Hura ikusita, eta ondorioekin oso kezkatuta, Bertsozale Elkarteak bilera eskatu zion UEMAri, eta egoerari buelta emateko udalerri euskaldunetan bere esku zegoen guztia egiteko prest agertu zen, hartu beharreko konpromisoak hartuta”.
Aramendiren hitzetan, “Bertsozalerekin lankidetzan egin genezakeen bidea aztertzen hasi ginenean, beste hainbat eragile ere prest zeudela ohartu ginen, euskarak behar duen pizkunde berriari ahal duten heinean ekarpena egiteko gogotsu baitaude bateko eta besteko talde, elkarte eta askotariko eragileak. Esnatu ala hil esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua”.
Hala, Esnatu dinamikaren aterkipean, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan eragiteko Euskal Herri osoko lehen 18 eragileren konpromisoak bildu ditu UEMAk.
Lankidetzarako prest
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, Ainhoa Urien lehendakariak berretsi du kezka handiz jaso zituztela iaz Siadecoren ikerketaren ondorioak. “Izan ere, arnasguneen eta udalerri euskaldunen gainbehera sintoma larria da euskararen biziberritzerako. Galera, gainbehera, atzera eta akabera errima sendoak dira, baina horien aurrean guk beste batzuk aldarrikatu nahi ditugu: euskara indarberritzeko aukera, pizkundearen hasiera eta konpromisoaren bandera, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendo ikusteko ostera”.
“Horrela adierazi genion UEMAri, kezkatuta eta lankidetzarako prest, eta horregatik egin dugu bat Esnatu dinamikarekin”, adierazi du Urienek. “Bertsolaritza zerbait baldin bada, euskarazko jarduna da, eta gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa daukagu UEMArekin batera euskararen lurgunea sendotzeko”.
Ekimenarekin bat egin duten lehen 18 eragileen izenean, Bankoa Abanca finantza erakundeko Euskara Koordinatzaile Ana Urkizak ere kezka beretsuak izan ditu hizpide: “gu ere kezkatuta gaude arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan datuek eta ikerketek erakusten duten bilakaerarekin, eta hori gelditzea eta joera aldatzea giltzarria da euskara indarberritzeko”.
Urkizak adierazi duenez, “gure bulegoetan, herritarrek, etxean bezala, modu naturalean euskaraz aritu daitezkeela sentitu dezaten eta aritu daitezen eragitea. Herritarrak ahaldundu daitezen nahi dugu, eta diruari buruz euskaraz aritzea naturala dela sentitu dezaten: dela dirua ekarri, eraman edo eskatzeko. Euskaraz bizi nahi dugulako gure bizitzako eremu guztietan”.
Herrietan, hitzaldiak eta foroak
UEMAk Esnatu dinamika herrietara ere zabalduko du hitzaldiak, foroak eta eragileekin bilera zuzenak antolatuta. Herrien edo eskualdeen tipologiaren arabera modu batera edo bestera ekingo dio UEMAk horiek prestatzeari, udalekin lankidetzan.
Ekimenaren nondik norakoa biltzen duen webgunea ere martxan da: labur.eus/esnatuEUS.
UEMAk azaroan emango dio amaiera dinamikari, eta ekimenarekin bat egin duten eragile guztien zerrenda ezagutzera emango du, hartu dituzten konpromisoekin batera.