(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Arrasateko plazak eta gune kulturalak gazte sortzaileen eszenatoki bihurtuko dira apirilaren 25ean

Ikastolen Elkarteak gaur aurkeztu duen Piztu Plaza jaialdiaren helburu nagusia egungo euskal kulturaren plaza astintzea da, euskarak eta euskal kulturak jauzi bat eman ahal izateko baldintzak sortzeko.

Arrasatek Piztu Plaza euskarazko sormen jaialdi berezia hartuko du apirilaren 25ean, Ikastolen Elkarteak bultzatuta eta Batxilergoko zein Lizeoko ikasleen protagonismo osoarekin. Egun osoko egitaraua izango da, 10:00etatik 19:00etara, eta herriko plazak eta gune kulturalak gazte sortzaileen agertoki bihurtuko dira.

Nekane Artola ikastolen Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “Piztu Plaza ikastolen mugimenduak euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duen apustu estrategiko baten adierazpena da. Gazteei protagonismoa eman eta euskarazko sormena erdigunean jarri nahi ditugu. Plaza egitasmoarekin argi erakutsi nahi dugu gazteak ez direla soilik etorkizuna; oraina ere badira. Gaur, ikastolen, ikasleen eta sortzaileen arteko aliantza indartsu batekin, euskara sortu eta plazara ateratzeko baldintzak eskaintzen ari gara, eta gazteek erakusten ari dira aukera hori aprobetxatzen dakitela”.

Ekimenaren helburu nagusia egungo euskal kulturaren plaza astintzea da, euskarak eta euskal kulturak jauzi bat eman ahal izateko baldintzak sortzeko. Sorkuntza artistikoa baliatuz, gazteak ikusle pasibo izatetik sortzaile aktibo izatera igaro daitezen bultzatu nahi da, euskararen transmisioan eta gizarte‑eraldaketan ahotsa eta erantzukizuna hartuz.

Jaialdiaren muina ikasleek prestatutako emanaldiak izango dira:

  • Aranzadi Ikastola (Bergara): antzerkia.
  • Bernat Etxepare Lizeoa (Baiona): antzerkia eta dantza.
  • Azpeitiko Ikastola: elektrotxaranga.
  • Ander Deuna Ikastola (Sopela) musika kontzertua.
  • Arizmendi ikastola: Almen Ikastola (Aretxabaleta) eta Gaztelupe Ikastola (Arrasate): girotze orokorra eta aurkezpen lanak.

Ikasturte osoko prozesu baten emaitza

Jaialdia ikasturte osoko prozesu baten emaitza da: urritik aurrera ikasle taldeek proiektuan izena eman, otsailetik martxora kultur eragile profesionalekin sormen‑tailerrak jaso, eta hilabeteotan lan eta entsegu autonomoa egin dute euren emanaldiak prestatzeko. Tailer horietan, antzerkigile, musikari eta dantzariekin aritu dira ikasleak, baina azken erabakiak eta eszenaratze osoa gazteen esku egon da, haiek baitira prozesuaren eta jaialdiaren benetako eragileak.

Piztu Plaza ikasleentzat diseinatutako jaialdia bada ere, publiko zabalari irekia izango da: Arrasateko plazak, parkeak eta aretoak (Biteri plaza, Monterron parkea, Amaia antzokia, Kulturola tunela, besteak beste) herritar guztientzako kultur topaleku bihurtuko dira. Helburua da euskarazko sorkuntza gazteengandik komunitate osora zabaltzea, eta aldi berean Euskal Herriko ikastolen arteko saretzea sendotzea.

Ikastolen Elkartearen ikuspegitik, Piztu Plaza lehen urratsa baino ez da: aurten garatuko den proba pilotua datozen urteetan indartu eta zabaldu nahi du Ikastolen mugimenduak. Euskal kulturgintza indartu eta ikastolak euskal sorkuntzaren plaza eta laborategi gisa sendotuz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna