Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan izango dira hitzaldiak. Horietako bakoitzean, Mikel Sotok ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu, Miranderen bizitzaren, obraren eta eraginaren alderdi ezberdinak jorratuz. Gaurko hitzaldian Jon Alonsok ere hartuko du parte.
2024an Tene Mujika beka irabazi ostean, Mikel Sotok Mirande: herriminez, ezin-minez saiakera kaleratu zuen iazko azaroan, Elkar argitaletxearen eskutik. Miranderen gaineko ikerketarik zabalena eta sakonena da Nafarrarena.
Euskal Herriko eta nazioarteko berrogeitik gora artxibo publiko eta pribatutan egindako ikerlan honek Miranderi buruz genekiena sakondu, osatu eta berritu du Sotok, idazlearen eta haren obraren alderdi guztiak jorratuz, datu eta interpretazio berriak eskainiz eta testu inedito ugari argitara emanez.
Orain, Elkar argitaletxeak eta Deabruaren Eskolak, hainbat instituzio eta erakunderen laguntzaz, eta hainbat idazle eta ikerlarirekin batera, Mirande, hasiera berri bat hitzaldi-zikloa antolatu dute.
Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan izango dira hitzaldiak. Horietako guztietan, Sotok ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu, Miranderen bizitzaren, obraren eta eraginaren alderdi ezberdinak jorratuz.
Lehen hitzaldia gaur, hilak 16, izango da Iruñean. Bertan, Mikel Soto eta Jon Alonso idazle eta itzultzaileak Mirandek bere ondorengo belaunaldiengan izandako eraginari buruz arituko dira Azkenean, idazle bat, idazle normal bat!»: Miranderen eragina ondorengo belaunaldiengan izenpean.
Apirilaren 22an, berriz, Gasteizen izango da zikloa Miranderen gaineko ikerketak eta eztabaidak: blokeoak, urratsak, beharrak eta erronkak izeneko hitzaldiarekin. Honetan, azken urteotan Jon Miranderen bizitza eta obra zabalen eta trinkoen ikertu duen Miel Anjel Elustondok eta Sotok idazle paristar-zuberotarrari buruzko ikerketen eta eztabaiden egoerari buruz hausnartuko dute.
Donostiak hartuko du hirugarren hitzaldia hilaren 23an. Haur besoetakoa: gaurkotasuna eta etorkizuna izenburupean. Idazlearen obra nagusienetakoaren inguruan arituko da Soto, azken hamarkadetan Miranderen eleberriari buruz egin den ikerketarik sakon eta berritzaileenaren egile den Amaia Elizalde ikerlariarekin.
Bergarako Olaso Dorrea Fundazioan ere hitzaldia izango da maiatzaren 14an. Gordeak zeuzkan 23 urteko Mirande gazteak Telesforo Monzon abertzale bergararrari idatzitako hainbat gutun, idazlearen orduko ideologiaren, asmoen eta lanen berri ematen digutenak. Hala, Fundazioaren patronatuko lehendakari Irati Jimenezek eta Sotok Euskera gabeko abertzaletasuna zorokeri hutsa: Miranderen euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna saioa emango dute.
Mirande arazo ala gu?
Ekainaren 3an Lakuntzan izango du hitzordua zikloak, Deabruaren Eskolako kide diren Mikel Soto eta Irati Jimenezen eskutik. Mirande arazo ala gu? izenpean, idazlearekin ditugun arazoek azaleratzen dituzten geure arazoen inguruan hausnartuko dute.
Ekainaren 14an, Katixa Agirrerekin eta Galder Perezekin Mirande euskal kulturan: iraunkortasunak eta biziberritzeak mahai-ingurua egingo dute Bilbon. Hil eta mende erdira, Miranderen eraginak belaunaldiak eta kultur adierazpide ezberdinak zeharkatzen jarraitzen du: idazlea bera protagonista dugu Patri Urkizuren nobela batean (Etsipenez), Karlos del Olmoren antzezlan batean (Jon gurea, Parisen hatzana), edota Harkaitz Canoren ipuin batean (Jon Miranderen balada Jim Morrisonen omenez). Niko Etxartek aurrenekoz idazlearen poema bat musikatu zuenetik eta Elena Setienek, Grande Daysek eta Xabier Erkiziak Mirande diskoa kaleratu artean hamaika euskal kantarik musikatu dituzte Miranderen poemak, eta idazlearen bizitzak eta obrak bizirik diraute euskal sorkuntzan, adibidez, hainbat euskal sortzailek –Galder Perez tartean– taularatutako Mirande kabareta ikuskizunean edota Katixa Agirreren Berriz zentauro nobelan.
Azkenik, oraindik zehaztu gabe dagoen datan izango da Jon Mirande, poeta zuberotarra saioa Zuberoan.
