AEKk mintzodromoak ere antolatu ditu 65 herritan maiatzaren 21erako.
AEKk 12. eguna: eta izango gara! izeneko ekimena iragarri zuen euskararen aldeko lasterketaren balorazioa aurkeztu zuenean.“Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.
Eskaerak egiteaz batera, AEKk berak zer gehiago egin dezakeen adierazi zuen erakundeak agerraldian: “Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak hamaika egun horietatik harago joan behar du. Hori dela-eta Korrikaren 12. eguna: Euskara gara eta izango gara! izeneko ekimena sortu dugu”.
Horren baitan, apirilaren 22an ordubeteko eskola emango dute, doan, AEKren 100 euskaltegietan. “Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat”. Bestalde, “maiatzaren 21ean inoiz baino euskara gehiago entzungo da gure artean! 65 mintzodromo antolatuko ditugu egun horretarako, Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz”.
Informazioa www.korrika.eus/etaizangogara webgunean eta AEKren euskaltegietan dago eskuragarri. Izen-emateak, berriz, www.korrika.eus/12eguna webgunean eta AEKren euskaltegietan.