'Palestine 36' filmak irekiko du aurtengo edizioa

Ostegunean abiatuko da Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia

Palestinako historia, migrazioak eta errefuxiatuen egoera munduko hainbat lekutan, haurren osasuna, emakumeen zeregina erlijioetan, Afrikako haur soldaduak, mobilizazio sozialen indarra eta ehungintzaren industriako prekarizazioa izango dira aurtengo gaietako batzuk.

Annemarie Jacir zinemagile palestinarraren Palestine 36 (2025) filmak irekiko du aurtengo Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia, hilaren 23an, Victoria Eugenia antzokian. Apirilaren 30ean, berriz, Max Walker-Silvermanek zuzendutako Rebuilding (2025) film estatubatuarrak itxiko du aurtengo edizioa film luze eta laburren sariak banatuko diren gala batean. Azken egun horretan gainera, Imanol Uribe zinemagileak bere ibilbide osoaren sari berezia jasoko du.

Filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira, emanaldi batzuk Antzoki Zaharrean izango badira ere, Zinema eta Biktimologia III. zikloan sartzen diren bi filmak izango dira. Tabakaleran lau film proiektatuko dira, hiru Zinema eta Memoria zikloan eta laugarrena Euskadiko Filmategiak antolatutako saio berezi batean. Aurten, guztira, 35 herrialdetako 46 film programatu dira (27 film luze eta 19 film labur).

Zinema-programazioa ia egunero osatuko da protagonisten, zinemagileen eta jorratutako gaietan adituak diren pertsonen solasaldiekin.

Orotara, goizeko zortzi emanaldi eskainiko dira Antzoki Zaharrean, hiriko ikastetxeentzat. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak dira: Animalien eguberri magikoa (2024), Ipuinak lorategi magikotik (2025) eta Faisaien Irla (2025).

Aurten Giza Eskubideen Zinemaldian Asaari Bibangek Humor negra bakarrizketa eskainiko du Antzoki Zaharren eta lau erakusketa izango dira Donostia Kulturaren beste hainbeste gunetan.

Giza eskubideei buruzko Babes TÚ online jokoa ere egingo da. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatuta, parte-hartzaileek arlo horretan dituzten ezagutzak proban jartzeko.

Amnesty Internationalek, Mugarik Gabeko Ekonomialariek eta BC3 – Basque Centre for Climate Changek antolatutako gaurkotasun osoko mahai-ingurua (La era Trump y sus consecuencias) apirilaren 22an izango da Victoria Eugeniako Club Aretoan.

Zinemaldiaren helburua da kalitatezko zinemaren bidez giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiri buruzko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea, baita justizia eta ekitate sozialarekin konprometitutako herritartasun aktiboa sustatzen laguntzea ere.

Sarrerak

Sarrerak (5 €) salgai daude Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean. Tabakalerako emanaldietarako sarrerak salgai daude jada (4,50 €) bere leihatilan eta webgunean. Doako saioetarako gonbidapenak hilaren 17an bertan jarriko dira publikoaren eskura, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta DKren webgunean. Zinema eta Biktimologia III. Zikloko bi saioetarako gonbidapenak ere leku horietan eskura daitezke jada.

Zabaldu:

Utzi erantzuna