Hamabi erakusmahaiz osatutako azoka eta hainbat jarduera biltzen ditu egitarauak. Ibon Martin izango da aurtengo idazle gonbidatua.
Apirilaren 23a da Liburuaren Nazioarteko Eguna eta Donostia Kulturak, Liburu-denden elkartearekin batera, Azoka antolatuko du Gipuzkoa plazan. Aurten Ibon Martin izango da azokako idazle gonbidatua eta irakurleek bera entzuteko eta liburuetan sinadura jasotzeko aukera izango dute.
Azoka 9:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, hamabi erakusmahai izango ditu eta Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat ere jarriko du. Bertan eguneko programari buruzko informazioa emango du, baita liburutegien zerbitzuei buruzkoa ere. Hurbiltzen direnentzat orri-markatzaileak egongo dira eskuragarri, Joseba Larratxe ilustratzaileak liburuaren eguna dela-eta egin duen diseinua. Karpa horretan jarduerak ere izango dira.
Jarduerak
Mestiza elkarteak Liburu Baby Kluba saioa eskainiko du goizeko 11:00etan, 0-3 urteko umeentzat, heldu batekin lagunduta, ipuinak eta abestiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Haurrentzat ere, baina arratsaldean, ipuin kontaketa musikatua egongo da Itziar Saenz de Ojer eta Joxan Arrue Saizar kontalarien eskutik. Halaber, irakurle onenek saria izango dute. Izan ere, 2025. urtean Donostiako liburutegi sareko mailegu zerbitzuan liburu gehien hartu zituzten hamar haurrei emango zaie saria. Ume bakoitzari diploma eta 30 euroko txartel-bono bana emango zaio, Donostiako liburu-dendetan liburuak erosteko. Gipu maskotak entregatuko ditu opariak, Gipuzkoa Basket Fundazioaren laguntzari esker.
Helduentzat aipatzekoa da azken orduan, 19:00etan, Olga Grandek Ibon Martin aurtengo azokako idazle gonbidatua elkarrizketatuko duela. Horren aurretik irakurleen liburuak sinatuko ditu Casa del Libro liburu-dendako postuan. Laugarren urtea da Azokak idazle gonbidatua duela.
Eguerdiko 12:00etan, Irakurketa topaketa proposatzen da, irakurketaren plazera partekatzeko topaketa irekia, entzuteko, deskubritzeko eta liburuen inguruan solasean aritzeko. Bertaratzen direnek irakurketa laburrak entzuteko aukera izango dute, proposamen berriak ezagutzeko eta, nahi izanez gero, modu aktiboan parte hartzeko, gustuko dituzten liburuen inguruan hitz eginez edo pasarte txiki bat irakurriz.
Arratsaldean, berriz, Ingeborg Bachmann idazlearen lana hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, bere jaiotzatik 100 urte betetzen direnean. Horretarako Idoia Sanatamaria itzultzailea izango dugu, berak itzuli duen Aldibereko liburuari buruz hitz egingo du.
Jarduera guztiak Donostia Kulturako karpan izango dira. Dena den, ibilaldi literarioak, aurreko edizioetan bezala, Azokatik haratago eramango gaitu. Itxaro Borda idazleak Saizarbitoriaren Literatura Donostian Zehar ibilaldia diseinatu du eta egun horretan gidatuko du. Ramon Saizarbitoriaren literatura Donostiari biziki dago lotuta. Jardueran zehar hainbat eleberri aipatuko dira. Horien artean: Egunero hasten delako (1969), Ehun metro (1976), Hamaika pauso (1995), Martutene (2012) eta Lili eta biok (2015).
Taldea 10:30ean aterako da azokatik, eta parte hartu nahi duenak eskaera egin beharko du alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz.