Jardunaldiak ostegunean abiatuko dira Rekalde aretoan eta maiatzaren 12ra arte luzatuko dira.
Arte Ederren Fakultateko Arte, Ikerketa eta Feminismoa (AIF) ikerketa-taldeak Kanona desmuntatzen: Metodologia feministak eta genealogia kritikoak arte garaikidean izeneko jardunaldiak antolatu ditu apirilaren 23tik maiatzaren 12ra bitartean, Bilboko Rekalde Aretoan.
Taldeak azaldu duenez, “topaketa honen helburua artearen historia nola eraikitzen den hausnartzea da eta, tradizionalki, artista asko kanpoan utzi dituen kanona zalantzan jartzea. Jardunaldiek ikuspegi feministak txertatzeko beharra planteatzen dute, kontakizun inklusiboagoak eraikitzeko”.
AIF taldeak hamar urte baino gehiago daramatza ildo horretan lanean eta bere jarduera emakume artisten ikusgarritasuna handitzean, ahaztutako ibilbideak berreskuratzean eta ikerketa-metodologia berriak sustatzean oinarritzen da.
Bere proiektuen artean nabarmentzekoa da Artxibo Proiektua: Euskal artistak XX. mendearen bigarren erditik gaur egunera, 2015ean hasia. Ekimen horren helburua euskal sortzaileen lana dokumentatzea eta zabaltzea da, artearen historian duten presentzia orekatzeko.
Gaur egun, Arte Ederren Fakultateko Arte Graduko ikasleen %70 baino gehiago emakumeak dira. Hala ere, ikusgarritasun eta aitortza artistikoko espazioetan duten presentzia ez da %20ra iristen, eta horrek sektoreko desberdintasuna agerian uzten du.
Orotara lau saio izango dira. Apirilaren 23an Sofia Albero, Izaskun Alonso eta Jorge Rubio arituko dira. Apirilaren 30ean, berriz, Hilary Robinson, Lourdes Mendez eta Xabier Arakistainen txanda izango da. Maiatzaren 5ean Gurutze Gisasola, Noelia Maestro, Janire Sagasti, Maria Jose Aranzasti eta Jose Carlos Torrek parte hartuko dute. Zikloa maiatzaren 12an amaituko da, Carmen Gaitan Salinas, Leticia Gaspar, Andrea Abalia eta Txaro Arrazolaren parte-hartzearekin.
Belaunaldi eta esparru desberdinetako profesionalen arteko truke-gunea da programa hau; “artearen historia oparoago eta adierazgarriago bat eraikitzen laguntzeko ideiak eta proposamenak partekatzea da helburua.