Ipuinak eta Antzezlanak izenburupean, euskal kulturaren berrikuntzan funtsezkoa izan zen emakume baten ipuinak eta antzezlanak biltzen dituzte liburukiek. Argitalpenak Maite Gurrutxagaren ilustrazioak eta Juan Kruz Igerabideren hitzaurrea ditu, eta Jose Luis Aranguren Txiliku arduratu da hizkuntza berrikusteaz.
Lourdes Iriondoren literatura lana berreskuratzen duten bi argitalpen berri aurkeztu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak Aztarna argitaletxearen eskutik. Lourdes Iriondo. Ipuinak eta Lourdes Iriondo. Antzezlanak izenburupean, egileak batez ere haur eta gazteentzako idatzitako ipuin eta antzezlanak biltzen dituzte bi liburuek, eta berriro herritarren eskura jartzen dute haren literatura ondarearen funtsezko zati bat.
Liburuen egileek, Alex Gurrutxagak eta Lorea Jainagak azaldu dutenez “Euskal literatur sistema modernoa sortu gabe zegoen oraindik 1970eko hamarkadan. Frankismoa, berriz, bizi-bizirik. Egoera zail hartan, kantagintzan eta haur literaturan ekarpen izugarria egin zuen Iriondok, ondorengoentzat bidea urratuz. 1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. Lan haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, euskarazko Haur eta Gazte Literatura modernoa etortzeko oinarria jarriz. Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Obra hartatik mende erdia joan denean, edizio hau osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarriz. Hain zuzen, Iriondok haurrentzat eta gazteentzat argitaratu zituen ipuin eta antzezlan guztiak biltzen ditu edizio honek, baita argitaratu gabeko Fabrika berria antzezlana ere. Liburuok esker-emate bat dira sortzailearentzat, eta opari bat gaurko irakurleontzat”.
Aldundiak adierazi duenez, “bi liburuki horien argitalpenak garrantzi berezia hartzen du une hauetan, handitzen ari baita Iriondo bera eta haren lana aldarrikatzeko interesa”. Joan den abenduaren 27an 20 urte bete ziren hil zenetik, eta “euskal kulturaren barruan dagokion lekua berriro emateko beharra pizten lagundu du efemeride horrek. Egia da haren irudia ez dela inoiz guztiz desagertu memoria kolektibotik, baina jakitun gara haren ekarpena ez dela beti behar adina aitortu”.
Berrargitalpen honekin, egilearen lana biziberritzen lagundu nahi dute Aztarna argitaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, “tinko sinetsirik sortzaile bat gogoratzeko modu onena dela haren lana berriro argitara ateratzea eta irakurle belaunaldi berrietara hurbiltzea”.
Lan zaindua
Edizio berri honetan, Iriondok urte haietan argitaratutako ipuin eta antzezlan guztiak bildu dira, argitalpen lan zaindua eginez: testuen euskara eguneratu eta idazketa berrikusi da, beti ere, jatorrizkoarekiko leialtasunik handiena gordez.
Argitalpenetan jasotako lanen artean daude, besteak beste, Hego-haizearen ipuinak (1973), Asto baten malura (1975) edo Lotara joateko ipuinak (1982), baita zenbait antzerki pieza ere, hala nola Martin Arotza eta Jaun Deabrua, Sendagile maltzurra, Buruntza azpian edo Txorien baratza. Edizioan, gainera, lehen aldiz jaso da Fabrika berria antzezlana, 1977an estreinatua.
Ikusizko alderdiari eta material osagarriak berreskuratzeari jarri zaion artagatik ere nabarmentzen da argitalpen berria. Maite Gurrutxagaren irudiek Iriondoren lanaren espiritua jaso eta orainaldira proiektatzen dute. Era berean, QR kodeen bitartez, Iriondok berak diskoetan erregistratutako ipuinen jatorrizko grabazioetara sartzeko bidea ematen du edizioak. Hala, irakurketa esperientzia aberastu daiteke eta ikuspegi zabalago batetik hurbildu gaitezke haren sormenaren unibertsora.
Argitalpenak Maite Gurrutxagaren ilustrazioak eta Juan Kruz Igerabideren hitzaurrea ditu, eta Jose Luis Aranguren Txiliku arduratu da hizkuntza berrikusteaz.
Informazio gehiago: http://www.aztarna.com/LourdesIriondo.htm