(argazkia: Loraldia)

Duela 90 urte erbesteratutako gerrako haurren memoria eta gaurko gazteen ahotsa elkartuko dira oholtza gainean

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Loraldiak, Euskal Herriko bost ikastetxerekin elkarlanean, memoria historikoa, transmisioa, kultur-sorkuntza eta omenaldia uztartzen dituen egitasmoa aurkeztu dute. Hiru ardatz ditu: ikasturte osoko transmisio lana, 82 gaztek taularatuko duten Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna, eta gerrako umeei eta haien familiei egingo zaien omenaldia.

Ezer ez delako amaitzen egitasmoa memoria historikoa, hezkuntza eta sorkuntza garaikidea uztartzen dituen proiektua da. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak bultzatuta eta Loraldiaren lankidetzarekin garatu da, eta 2027an beteko den 90. urteurrenari begira sortu da: duela 90 urte, milaka euskal haur erbesteratu behar izan zituzten 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz. Egitasmoak iragan hurbil hori gogora ekarri nahi du, baina ez du oroimenera mugatu nahi; gaurko munduarekin lotu nahi du, faxismoaren gorakadarekin, gerra egoerekin, lekualdatutako edo erbesteratutako umeen errealitatearekin eta gizarte gisa ditugun erronka etiko eta politikoekin.

Memoria historikoa

Intxorta 1937 Kultur Elkartea 1986tik ari da 1936ko kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoriaren berreskurapenean lanean. Urteotan omenaldiak, hitzaldiak, erakusketak, liburuak eta dokumentalak sustatu ditu, eta gaur egun ere egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak aldarrikatzen jarraitzen du. Egitasmo berri hau 2027ko urteurren nagusia prestatzen ari den bi ikasturtetako bidearen parte da. Antolatzaileen esanetan, “Ezer ez delako amaitzen ez da ikuskizun soil bat, bi ikasturtetan garatzeko planteatutako egitasmo zabal baten lehen fase nagusia da, eta hiru ekintza osagarri ditu: transmisio lana, ikuskizuna eta omenaldia. Hiru ardatz horien bidez, memoriaren lanketa ez da azalpen teoriko hutsean geratzen; hezkuntzara, sorkuntzara eta aitortza publikora eramaten da”.

Transmisioa

Transmisio lana 2025eko irailetik 2026ko maiatzera arte garatzen ari da, ikasturte osoan zehar, DBH4ko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta. Prozesuan 82 gaztek hartu dute parte, eta bost ikastetxek inplikazio zuzena izan dute. Transmisio lanaren helburua izan da 1936ko kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoria gazteei helaraztea, egia, justizia eta erreparazioa oinarri hartuta, eta aldi berean gazteak euskarazko kultur unibertsora hurbiltzea, sormena piztea eta elkarlana lantzea.

Beraz, ikasturte osoko prozesu horren emaitza da Ezer ez delako amaitzen izeneko ikuskizuna. Antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituen pieza da, Igor Martin de Vidalesen gidoi eta zuzendaritzapean, Jaime Valverderen zuzendaritza-laguntzarekin eta Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarrituta.

Proposamenak collage egitura du, eta lehenaldiko pasarteak gaur egungo gertakariekin uztartzen ditu gazteen ikuspegitik. Historia ez dela lineala, baizik eta ziklikoa izan daitekeela gogorarazten du, eta galdera hauek jartzen ditu erdigunean: zertarako oroitu, zer balio du memoria historikoak, eta zer egin faxismoaren, inperialismoaren eta arrazakeriaren aurrean.

Ikuskizunak bira formatua izango du, eta herri hauetan eskainiko da.

  • Apirilaren 24a, 19:00etan: Barakaldo, Clara Campoamor
  • Maiatzaren 1a, 19:00etan: Durango, San Agustin Kulturgunea
  • Maiatzaren 8a, 19:30ean: Donostia, Antzoki Zaharra
  • Maiatzaren 15a, 19:00etan: Gasteiz, Salburuako ekitaldi aretoa
  • Maiatzaren 22a, 19:00etan: Gernika, Lizeo Antzokia

Omenaldia Gernikan

Egitasmoaren hirugarren ardatza omenaldia da. 2026ko maiatzaren 22an, arratsaldeko 19:00etan, Gernikako Lizeo Antzokian, gazteek protagonismoa izango duten aitortza ekintza egingo da, 1936ko estatu kolpe frankistaren ondorioz erbestea ezagutu zuten haurrei eta haien familiei omen egiteko. Bertsolari gazteek zabalduko dute ekitaldia, ondoren Ezer ez delako amaitzen ikuskizuna eskainiko da, eta amaieran aitortza egingo zaie gerrako umeei eta familiei.

Zabaldu:

Utzi erantzuna