Pantxoak eta Peiok jasoko dute aurtengo Donostiako Adarra Saria

Bikoak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra.

Pantxoa eta Peio bikote lapurtarrak eskuratuko du Donostiako XIII. Adarra Saria. 1969an lehen kantuak argitaratu zituztenetik 2009ra arte, milaka kantalditan parte hartu eta 18 disko kaleratu dituzte, euskarazko kantagintzaren ondarean funtsezko lekua hartzen dutenak.

Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiaren arabera, bikoak “60ko hamarkadatik gaur egunera arte ‘kantuaren plazera’ hainbat belaunaldirekin partekatu du, interpretazio zainduak, melodia kantagarriak eta konpromiso soziala elkarrekin uztartuta, estilo propioa duen errepertorio zabal eta interesgarria osatzeaz gain”.

Epaimahaiarentzat, “euskal jendartearen min eta nahien ahots bilakatuta, erresistentziazko himno bihurtu ziren protesta-kantak plazaratu ditu taldeak; Euskal Herriaren nortasuna, sentimendua eta memoria kolektiboa espresatzen duten Iparraldeko kantu tradizionalak berreskuratu eta haien transmisioan lan eskerga egin du. Era berean, Ipar Euskal Herriko poeta, idazle eta musikarien lanak interpretatuz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zubi-lana egin dute, eta garai zail eta erabakigarrietan euskal musikarentzat funtsezkoa izan den oinarrizko azpiegitura emankor bat abian jarri”.

Pantxoak eta Peiok ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Jon Insausti Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko dute Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Danae Riaño (baxua), Gorka Pastor (teklatuak) eta Josu Erbiti (perkusioa) musikariez lagunduta.

Kontzerturako sarrerak asteazkenean, apirilak 22, jarriko dira salgai goizeko 11:30ean Donostia Kulturako bazkideentzat eta ostegunean, apirilak 23, 11:30ean publiko orokorrarentzat, donostiakultura.eus/sarrerak helbidean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna