‘Miren Larrea’ muralismo sariaren bigarren edizioa abian da Getxon

Proposamen irabazlea Aiboatik Euskal Herria kalera sarbidea egiten duen zubiaren barruko hormetan egingo da. Proiektuak aurkezteko epea uztailaren 21era arte egongo da zabalik.

Getxo Kulturak ‘Miren Larrea’ Muralismo sariaren bigarren deialdia abian jarri du. Horren helburu nagusia da gaur Aiboatik Euskal Herria kalera sarbide den zubiaren barruko hormetan esku-hartze artistikorako proposamen bat aukeratzea.

Miren Larrea argazkilari, poeta eta artista getxoztarraren jaiotzaren urteurrena ospatzen duen ekimen horretako proiektuak aurkezteko epea uztailaren 21era arte egongo da zabalik.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “lehiaketan parte hartzeko beharrezkoa da adin nagusikoa izatea eta aurkeztutako lanak argitaragabeak izatea. Gaia librea izango da, baina bereziki baloratuko dira, besteak beste, ingurunera eta udalerriaren errealitatera egokitzea”.

Pintura eta arte plastikoen munduko adituek eta profesionalek, eta Getxo Kulturako teknikariek osatutako epaimahaiak bost proiektu aukeratuko ditu, eta hautatutako proposamenek 500 euroko banako saria jasoko dute.

Proposamen horiek hautatu ondoren, kontsulta-prozesu bat egingo du Udaleko Partaidetza Arloak, herritarrek proiektu horiek baloratu ahal izan ditzaten. “Prozesu hori ez da loteslea izango, baina lehiaketako epaimahaiak kontuan izango ditu emaitzak proposamen irabazlea hautatzeko orduan. Epaimahaiaren azken erabakiaren ondoren, eta proiektua gauzatzen hasteko data finkatu ondoren, lau hilabete baino gutxiagoko epean amaitu beharko da”.

Murala egiteko 20.000 euro esleituko dira, eta, gehienez, beste 10.000 euro bideratuko dira baliabide osagarrietarako. Deialdiaren informazio osoa hemen: www.getxo-kultura.eus/deialdiak

Zabaldu:

Utzi erantzuna