Araba Euskarazek ekainaren 14an Amurrion ospatuko duen festarako abestia aurkeztu du. Igon Olaguenaga eta Txiki Lora dira egileak.
Amurrioko Aresketa Ikastolak aurtengo Araba Euskaraz festarako prestatutako abestia aurkeztu du Taupadak berpiztu! Izenpean. Ikastolako ordezkariak eta kantuaren egileak, Igon Olaguenaga (ikasle ohia eta egungo langilea) eta Txiki Lora (ikastolako aita), protagonista izan dira ekitaldian. Ikastolako ikasleek, berriz, kantarako propio prestatutako koreografia dantzatuz, euskarak eta euskal kulturak pairatzen duten egoeraren aurrean taupadak berpizteko beharraren deiadarra luzatu dute, Amurrioko Juan Urrutia parkeko GUK eskulturaren aurrean egin duten agerraldian.
Azaldu dutenez, “Taupadak berpiztu! abestiaren letra euskara biziberritzeko beharrari deia zuzena da, herriaren bihotzaren taupadak –bihotz-joera kolektiboa– berpizteko, alegia”.
Kantaren hitzek “hausnarketa sakona egiten dute euskararen egoeraren inguruan, 1960-1970 hamarkadetako berpizkundetik (Nondik gatoz ta nora goazen) hasita, gaur egungo geldialdi zantzuei aurre egiteko deia egiteraino (ez dezagun ahaztu zein den gure bidaia). Aldi berean, euskara heriotzatik normaltasunetik baino gertuago dagoela ohartarazita, erakutsi behar ditugun gogoa eta kuraiari heltzeko deialdia nabarmena da”.
Aniztasuna eta dantzagarritasuna ardatz, soinu organikoz sortutako saltsa oinarritzat hartuta, herrialde desberdinetako doinuez apainduta (alboka, trikitia, tronpeta, tronboia eta perkusio latinoa nahastuz) josi dute kanta. Honako hau aurrera eraman ahal izateko kantaren ekoizleek emaitza “goxo” eta “saltseroa” ekoiztu dute.
Igon Olaguenaga (ideia, letra, ahotsa, ekoizpena), Txiki Lora (ideia, gitarra, ahotsa, ekoizpena), Amaia Santamaria (ahotsa), Rodrigo Ulises (perkusioa), Yago Salorio (baxua), Marcos Ortega (tronpeta), Fernando Blanca (tronboia), Ibon Koteron (alboka), Joseba Tapia (trikitia) eta Iñaki Otxondorena Moro (letra eta ahotsa) dira parte hartu duten musikariak. Aresketa Ikastolako zenbait ikasleren ahotsak ere entzun daitezke abestian eta Elkar Estudioko Victor Sanchez nahasketa eta master teknikaria izan da .
Bideoklipari dagokionean, Eneko Martinezek (Ikastolako ikasle ohia) Aresketa Ikastolako sorreratik lanean jardun duen komunitate osoari aitortza islatu nahi izan du, euskaren aldeko taupadak etorkizunean bizirik irauteko jaia ospatuz.