(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Nafarroako Ikastolek Hezkuntza Departamentuaren “alde bakarreko erabaki arbitrarioa” salatu dute

Euskarazko hezkuntzari ezarritako zigorra bertan behera uzteko eskatu dute. Ikastolek gogorarazi dute Nafarroa osoa euskaraz josten duen hezkuntza sare bakarra direla, auzolanean eta herritik sortuak, eta jasandako bazterketa salatu dute.

Nafarroako Ikastolek eta kaltetutako ehunka familiak elkarretaratzea egin dute Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren atarian, azken honek Haur Hezkuntzako (HH) itunen inguruan hartutako erabakia salatzeko. Izan ere, Sailak alde bakarrez eta inolako elkarrizketarik gabe erabaki du Nafarroako zortzi ikastolari datozen lau urteetarako itunak ukatzea edo murriztea.

Oier Sanjurjo NIEko lehendakariak adierazi duenez, erabakia “erabat arbitrarioa” da. Izan ere, Departamentuak jaiotza-tasa bereziki baxuko urtea hartu du erreferentzia gisa, sare publikoan ezartzen diren ratio eta irizpideak aplikatzea saihestuz. “Orain arte aplikatu diren ratioak aplikatuko balira, itun guztiak mantenduko lirateke eta berriak eman. Aukera berdintasuna eskatzen dugu, ez gure izaeragatiko bazterketa”, aldarrikatu du Sanjurjok.

Eskubideen defentsa

 Kaltetutako familien ordezkariek gogoan izan dute euskararantz eta ikastoletarantz urratsa eman nahi duen familiari ezin zaiola eskubide hori ukatu. “Gure seme-alaben hezkuntza eta gure hizkuntza eskubideak defendituko ditugu”, gaineratu dute, ez direla besoak gurutzatuta  geratuko iragarriz.

Bestalde, Ikastolek azpimarratu dute erabaki honek bereziki euskarazko hezkuntzari egiten diola kalte: “Gu herritik eta herriarentzat sortutako ikastolak gara. Gure sarea da Nafarroa osoan, eremu guztietan, euskara josten duena. Ezin zaie bidea oztopatu Nafarroan euskararantz datozen familiei”.

Ikastolek argi utzi dute ez direla isilik geratuko demokrazia garaian jaso duten kolperik gogorrenaren aurrean. Hezkuntza Departamentuari erabakia atzera bota dezala eskatzeaz gain, mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna